Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Joanes Illarregi leitzarrak irabazi du 2017ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2017/04/28
Hirugarrenez jantzi du bertsolari leitzarrak eskolarteko txapela. Xabat Illarregi izan da txapeldunordea. Biak izango dira Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Saran, ekainaren 10ean.

Apirilaren 28an Leitzako Atekabeltz Gaztetxean  jokatutako 31. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Joanes Illarregi izan da hirugarrenez txapelduna.

Leitzako bertso-eskolako gaztetxoen agurrak eman dio hasiera saioari, eta Iker Mundiñanok egin zituen gai-jartzaile lanak. Guztira hamalau bertsolari gaztek hartu zuten parte lehenengo fase ireki batean. Gai orokorrarekin, lau oinekin eta hitza emanda bertsoak osatu ostean, Ekain Alegre,  Idoia Granizo,  Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi aritu dirabigarren fasean. Azkenean, Joanes Illarregik jantzi du Nafarroako bertsolari gazteen txapela eta Xabat Ilarregi berriz, bigarren sailkatua izan da.

Biek ordezkatuko dute Nafarroa datorren ekainaren 10an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.  

80 entzule inguru elkartu dira Leitzako gaztetxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko, giro ederrean. Behin bukatuta, merendua izan da gaztetxean bertan, han bildutakoentzat.

Lehia formatuko ekimen honekin batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko… parada ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak.