Bertsozale Elkartea

Bertsozale Elkartea 1987an sortu zen bertsoaren bitartez jaso dugun ondareak geroa izan dezan ziurtatu asmoz. Diru-irabazi asmorik gabeko erakunde sozio-kulturala da eta 2.300 bazkide ditu gaur egun. Bertsolaritzaz arduratzen diren bestelako eragile guztiekin batera, bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu eta bere transmisioa eta etorkizuna bermatzea da Bertsozale Elkartearen egitekoa.

Euskararen lurraldea da Bertsozale Elkartearen lan esparrua Bi maila bereizi behar dira: kulturala eta geografikoa. Kultur esparruan bertsolaritzara mugatu da ia osoki. Hala ere, ahozkotasunaren alorrean ere zenbait ekarpen egin dira. Geografikoki, Euskal Herri osora hedatutako proiektua da Bertsozale Elkartearena, baina nazioarteko ekimenak ere sustatu ditu.

Egitura berbera duten sei elkarte biltzen ditu Bertsozale Elkartearen proiektu bateratuak:

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea bertsozale@bertsozale.eus / +34 943 694129

Arabako Bertsozale Elkartea araba@bertsozale.eus / +34 945 010505

Bizkaiko Bertsozale Elkartea bizkaia@bertsozale.eus / +34 946 812711

Iparraldeko Bertsularien Lagunak Elkartea bertsularien-lagunak@wanadoo.fr / +33 (0) 559541504

Gipuzkoako Bertsozale Elkartea gipuzkoa@bertsozale.eus / +34 943 670575

Nafarroako Bertsozale Elkartea nafarroa@bertsozale.eus / +34 948 143747

 

Proiektu kulturala Helburu kolektiboak indar handia du. Sortzailea eta hartzailea sare berean biltzen dira Bertsozale Elkartean; mugimendu bakarrean eragile dira bertsolari eta bertsozaleak. Bide propioa darama sortzaileak baina talde kontzientzia galdu gabe. 

Maia eta Lizaso_Bertso Eguna

Duintasuna helburu Sortzaileak eta beraien obra zaintzen ditu Bertsozale Elkarteak. 

Elkarlana eraikuntzaren oinarri Bertsolaritzan lanean ari diren eragileekin, kulturgintzako elkarteekin, erakunde publiko eta pribatuekin eta komunikabideekin, besteak beste, lankidetza bideratzen saiatzen da Bertsozale Elkartea. Abiapuntu diren helburuei ondo helduta beti ere.

Lan profesionala eta borondatezkoa uztartuz Guztira, soldatapeko 70 langile ditu Bertsozale Elkarteak eta musu truk ari diren beste 100 bat bazkide aritzen dira lan batzordeetan eta kontaezina den sare bat ekimen ezberdinen antolakuntzan. 

 

Hiru jardun eremu nagusi ditu Bertsozale Elkarteak:

  • Transmisioa

Bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi biziberritzea da Bertsozale Elkartearen egitekoa. Mugimenduaren ekosistema osoan eragiten ahalegintzen gara: bertso-eskolen sorrera eta dinamika bultzatzen dugu; hezkuntza arautuan bertsolaritza irakasgai gisa eskaintzen diegu urtero 20.000 gaztetxori; aisialdirako eskaintza dugu: bertso udalekuak, barnetegiak…; sariketak antolatzen ditugu: eskolarteko txapelketa, Hernandorena sariketa, BBK sariketa…

  • Sustapena

Bertsolarien plazaratzea eta honen zabalkundea eragitea. Hitzetik Hortzera telebista saioa, www.bertsoa.eus plaza digitala, Bertso Eguna, bertsolari txapelketak… antolatu eta garatzeaz arduratzen gara. 

LankuBertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako zerbitzu enpresa da. Bertsoa oinarritzat hartuta, edozein kultur ekitaldi sortzeko eta antolatzeko giza zein baliabide materialak kudeatzen ditu. Herri mugimenduaren antolakuntza errespetatuz, bertsolaritza indartzea du helburu. www.lanku.eus /+34 943 260755  

  • Ikerkuntza

Bertsolaritzaren datu bilketa, azterketa eta garapena eragiteaz arduratzen gara Mintzola Fundazioaren bitartez.

Mintzola Fundazioa: Bertsolaritzaren ikerkuntza eragitea, euskaraz garatzen diren ahozko beste diziplinekiko (ipuin, kantu, antzerki…) zubiak eraikitzea eta kantu inprobisatuaren mundu mailako adierazpide ezberdinak ezagutzera ematea dira Mintzola Ahozko Lantegiaren egiteko nagusiak. www.mintzola.eus / +34 943 693870

Ikerkuntza eragiteko 1990. urtean Xenpelar Dokumentazio Zentroa sortu zuen Bertsozale Elkarteak. Bertsolaritzaren ondarea hainbat euskarritan biltzen da bertan: bertso saioen grabazioak, bertso-paperak, argazkiak, prentsa-albisteak, kartelak, liburuak… Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bilketa lana batez ere Bertsozale Elkartearen jardunaren bidez eta bertsozaleen dohaintzaren bitartez egiten da.

 

 Lanku                 Mintzola                  Xenpelar Dokumentazio Zentroa