Bertso Eguna 2016

Egitaraua  BertsoEguna_2016_irudia

Hiru atal izango ditu 2016ko Bertso Egunak ere:

12:00 Saio musikatua, Kursaal pareko Picachilla tabernan

18:00 Ekitaldi nagusia, Kursaaleko areto nagusian

21:00 Afaria eta festa, Kursaalen

Goizean Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza ariko dira kantuan bat-batekoan. Rosi Lazkanok eta Nerea Elustondok bertso jarriak eskainiko dituzte. Emanaldia Estitxu Eizagirrek aurkeztuko du, eta saioan zehar klima aldaketak eragiteaz arduratuko dira Idurre Eskisabel eta Eñaut Asurabarrena, gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken hauek Arkaitz Goikoetxea, eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko. 

Esanda bezala, saioa Kursaal pareko Picachilla garagardotegian izango da, 12:00etan hasita. Sarrera doan da.  Azken urtetan kalez kaleko saioa egin da Bertso Egunean, aurten saio musikatuaren aldeko apustua egin du Bertsozale Elkarteak. 

Arratsaldeko ekitaldian 10 bertsolari izango dira kantuan: Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu. Odei Barroso bertsolariaren 2zio taldea ere zuzenean ariko da. Aitziber Garmendiak egingo ditu aurkezle lanak.

Bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak dira aurtengo ekitaldiaren helduleku. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Eneko Lazkoz eta Urko Casado aritu dira ideia landu eta gaiak prestatzen. 

Gauean 12 bertsolari izango dira kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa. Bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dira, eta horietako batzuk musikatuak izango dira. Aurrez afaria eskainiko da, eta menua zehaztuta dauka Bertsozale Elkarteak: entsalada, txanpiñoiak, bakailua ajoarriero erara, arrain zopa, arkume errea patata purearekin eta arroz esnea. Edariak, txotxa eta kafea. 

 

Elkarlana

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Donostia Kulturak KutxarenGipuzkoako Sagardogile Elkartearen eta EITBren laguntza izan dute antolaketa lanetan. Hainbat hedabide ere laguntzaileen artean daude: ArgiaBerriaDeiaDiario VascoEuskadi IrratiaGaztezulo aldizkariaHala Bedi IrratiaHamaika TelebistaNoticias de Gipuzkoa, Tolosaldeko Ataria eta Xorroxin Irratia.

 

Sarrerak

Abenduaren 22an jarri ziren salgai Bertso Eguneko sarrerak eta Bertsozale Elkarteko bazkideek lehentasuna izan dute ekitaldirako eta afarirako balio duten txartelak lortzeko. Urtarrilaren 7tik aurrera bazkide direnek zein gainerako bertsozaleek www.bertsosarrerak.eus helbidean eskuratu ditzakete mota honetako sarrerak.

Ekitaldira soilik joateko sarrerak ere eskuragai daude atari berean, eta edonork har ditzake abendutik bertatik.

Arrunta Gaztea Bazkidea
Bertso Eguna Ekitaldia 18 euro 8 euro 13 euro
Bertso Eguna Ekitaldia + Afaria 45 euro 33 euro 40 euro

 

Antolatzaileak, babesleak eta laguntzaileak

Antolatzaileak:                                                                   Babesleak:

BertsoEguna_2016_antolatzaileak               BertsoEguna_2016_babesleak

Laguntzaileak:

BertsoEguna_2016_laguntzaileak