Bertso Eguna 2015

JOLASTU NAHI? Hamabi aulki ikusten dira. Jolaserako jarrita daude aulkiak, bakoitza postura eta kolore batean. Bertsolariei jolaserako proposamena egingo zaie, jolastea nahiko genuke, baina serio jolastea. Bertsotan egin dezatela. Ez espero bestelako espektakulorik, bertso saio bat izango da.

Bertso Eguna 2015EGITARAUA  

Hiru ekitaldi edo atal izango ditu Bertso Egunak:

12:00 Donostiako kaleetan: Bretxan, Konstituzio plazan eta Ikatz kalean

18:00 Ekitaldi nagusia Kursaaleko Areto Nagusian

21:00 Afaria eta festa Manteo kiroldegian

Goizean bertsolari mordoxka izango da kantuan, bederatzi guztira: Amaia Agirre, Iñaki Zelaia, Eneko Fernandez, Arrate Illaro, Xabi Igoa, Nahikari Gabilondo, Ander Elortegi, Unai Gaztelumendi eta Maddalen Arzallus. Saio bana egingo dute Bretxako merkatu kanpoan, Konstituzio plazan eta Ikatz kalean. Eskarmentu handiko jendea eta bertsotan hasiberria dena elkarrekin kantuan jarri nahi izan ditugu goizeko ekitaldian. Eguraldiak laguntzen badu goizetik hasiko da bertso festa Donostian.

Arratsaldeko ekitaldian hamabi bertsolari izango dira: Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

Gauean afaria eta festa izango da Manteo Kiroldegian. Bat-bateko saioetan arituko dira kantuan Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Xebastian Lizaso, Irati Anda eta Fredi Paia. Ondoren Bat-batean ikuskizuna izango dugu Oskar Estangaren eskutik.

Elkarlana

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Donostia Kulturak Kutxaren eta EITBren laguntza izan dute antolaketa lanetan. Hedabide laguntzaileez gain Bera Bera eta Iparra Hegoa elkarteekin, Iztueta nahiz Petritegi etxeekin aritu dira elkarlanean. 

EITBk grabatuko du arratsaldeko ekitaldia eta gaueko hamarretan eskainiko du osorik ETB1 katean. Horrez gain, zuzeneko emankizuna egingo du www.bertsoa.com  atariak.

Sarrerak

Afaritarako bada nahikoa sarrera oraindik eta ekitaldirako 500 sarrera gelditzen dira. ostirala bitartean www.bertsosarrerak.eus  helbidean erosi daitezke. Sarrerarik gelditzen bada egunean bertan arratsaldeko lauretan zabalduko da Kursaaleko leihatila. Informazio eguneratua www.bertsozale.eus atarian topatuko duzue.
 

                                               Sarrera Bazkide sarrera           Gazteen sarrera

Ekitaldia+afaria                      40 euro            33 euro                        30 euro

Ekitaldia                                 18 euro            13 euro                        8 euro