Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Bertsotan egin Kuadrilla artekoan

2014/03/18
Bertsotan berriak eta berriak ez direnentzako saioa izan zen Gasteizko Kukubarren.

Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaren baitan saio bat egin zen larunbatean Gasteizko Kukubarre elkartean. Bapateroak taldeak antolatuta bazkari formatua aukeratu zuen Mendialdeko bertso-eskola gonbidatzeko. Bapateroak taldeak Legution kantatu zuten otsailaren hasieran eta Mendialdekoek Ataurin antolatu zuten saioaren ostean bigarren saioa zen jende aurrean, eta arituz, gero eta gusturago. Aitor Lopez eta Markel Oquillasek prestatu eta aurkeztu zuten saioa. Talde batek eta besteak ekarritako lagunek estimatu zuten gai-jartzaileek prestatutako saioa denek bertsotan egin ahal izateko.

Bukatzeko musikaz lagunduta, albokaz eta gitarraz, doinu ezberdinetan kantatu zuten. Umorea ere ez zen falta bukaeran eta lagun arteko giroan gozatzeko moduko saioa izan zen.

Bertsotan

Bertsotan egitea da Kuadrilla artekoaren helburuetariko bat, bertsolari izan gabe bertsotan egitea, horixe. Errimak gora-behera, ondo neurtuta edo hankaluze, doinu hor nonbait baina bertsotan. Askorentzat lehenengo tranpolina izan dira Kuadrilla artekoaren saioak.

Apirilak 5

Bi asteburu falta dira eta azkeneko 3 saioak Ametzaga, Amurrio eta Aramaion egingo dira. Apirilaren 5ean Kuadrilla artekoaren eguna egingo da Agurainen, bertsotan egiteko asmoz, talde guztiek parte hartuko dute eguerdiko poteoetan, eta bazkaldu ostean denok puntuka. Bukatzeko Gilbelurdinek kontzertua eta bertso-punk.

bideo spot