Arriaga antzokia bete dute gazteek Bilboko topaketan

2016/06/13
Bilboko ikastetxeetako 700 ikasle elkartu dira Arriaga antzokian gaur goizean bertsoaren inguruko jaialdi handian.

Bilboko Arriaga antzokia bertsoaren topaleku bihurtu da gaur goizean. Bilboko ikastetxeetako ikasleak bertan elkartu dira bertsoak kantatu, kantak kantatu, eta bertsoak entzutera.

Bilbon 31 ikastetxeetan eskaitzen da 'Gu ere bertsotan' proiektua, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eskaintzen duena Bilboko Udalaren laguntzagaz. Horietatik 16 egon dira gaur Arriagan. Datorren urtean edukiko dute aukera beste 15 ikastetxeek, eta horrela, bi urtetik behin Bilboko bertsolaritza ikasle guztiek gozatuko dute topaketaz.

Gaurko ekitaldia Bil eta Bo pertsonaiek gidatu dute, eta gazteen barre algarak sortu dituzte etenik barik. Josu Telleria eta Idoia Anzorandia ere ibili dira aurkezle lanetan.

Ikuskizunean gazteak izan dira protagonistak. Era desberdinetara parte hartu dute: bertsoak kantatuz, bideo bidez bertsolariak aurkeztuz, asmakizunen jolasa eginez edota asmakizun horiek asmatuz.

Bat-bateko taldeetako ikasleek bertso sortak kantatu dituzte, musika tresnez lagunduta. Eta zelan ez, bertsolariak ere aritu dira bat-batean kantuan: Jone Uria, Arkaitz Estiballes, OIhana Bartra eta Etxahun Lekue.

Lorea Zulaika gitarra jolearen laguntzagaz kanta zaharrak eta berriak kantatu dituzte gazteek, Arriagan abesbatza itzelak osatuz.

Amaitzeko, ikastetxeetako ordezkariek diploma bana jaso dute BIlboko Udalaren eskutik. Datorren ikasturtean gehiago!