Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Arrakastatsua izan da Eskolatik Oholtzara egitasmoaren bigarren edizioa Bilboko Kafe Antzokian

2016/05/12
Maiatzaren 10ean eta 11n Bilbo bertsoz bete du Eskolatik Ohotzara egitasmoak. Berbak neurtu eta doinuak ipiniz mezu dotoreak eskaini dituzte bertsolaritza ikasleek, izan rap bertsioan, betiko kanta tradizionaletan, neurri handian, zein txikian.

Bigarren urtez jarraian antolatu dute Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Zenbat Gara Elkarteak Eskolatik oholtzara ekimena. Gu ere bertsotan ekimenean bertsolaritza lantzen duten ikastetxeetako ikasleak izan dira protagonistak, eta gogotsu aritu dira bai ikasleak eta baita irakasleak ere. 

Deustuko Ikastola, Kirikino Ikastola, Urretxindorra Ikastola eta Garcia Rivero HLHI ikastetxeek hartu dute parte. Guztira 400 ikasle inguru igo dira oholtzara bi egun hauetan.

Oholtza gainean gaur egun puri-purian dauden hainbat gai landu dituzte bertso eta antzerki bitartez gazteek, besteak beste, errefuxiatuen gaia edo sare sozialen eragina harremanetan. Udarako planak edo ikasleen eskarien zerrendak ere entzuteko aukera izan da Kafe Antzokian. Horiez gain, bertso bidezko iragarkien ondoren etorri dira euskal abestien letren moldaketa eta rap erritmoan egindako bertso saioa ere.

Ikasleen lana bertsoz aztertu dute Ander Elortegi, Oihana Bartra, Peru Vidal eta Jone Uria bertsolariek. Zuzeneko musika Lorea Zulaikak jarri du, saio biak giro ezin hobean amaitzeko antzokia kantuan ipiniz.