Astelehenean irekiko da bertso-udalekuetan izena emateko epea

2015/03/06
Uztailean eta abuztuan izango dira aurtengo bertso-udalekuak. Muxika (Bizkaia), Maule (Zuberoa), Orio (Gipuzkoa), Irañeta (Nafarroa) eta Zuhatza (Araba) herrietan izango dira. Martxoaren 9tik 24ra bertso-eskoletako partaideek zein Bertsozale Elkarteko bazkide diren gurasoen seme-alabek izango dute izena emateko aukera eta martxoaren 27tik apirilaren 13ra gainerako kideentzako zabalik egongo da. Izenematea datorren astelehenean, martxoaren 9an, aktibatuko da goizeko 10:00etan, webgune honen bitartez edo 943 69 41 29 telefono zenbakira deituz eman daiteke izena.

17. ediziora ailegatuko dira aurten bertso-udalekuak. Ibilbide luze eta oparoa da urte hauetan guztietan egin dena. Urtero eskariak gora egin du eta gainera transmisioa bermatzea ere lortu da. Izan ere, garai batean haur gisa udalekuetan parte hartu zutenetako asko eta asko gaur bertso-udalekuetako begirale, sukaldari edota zuzendari dira. Transmisio lan horrek berezko nortasuna eman die bertso-udalekuei.

Bertso-udalekuetan bertso-eskoletako kideek edota bertsozaleak diren haurrek har dezakete parte, baita bertso mundura lehenengo aldiz hurbildu nahi duten guztiek ere. Hori bai, adin muga dago, 9 eta 18 urte bitarteko haur eta gaztetxoei bideratuta dago ekimena.

Hainbat helburu bete nahi ditugu bertso-udalekuen bitartez. Batetik, euskal Herri osoko haur eta gaztetxo elkartzeko balio duen gunea da. Hori berez, norberaren esperientzia aberasteko baliagarria da, baita euskalki diferenteak ezagutzeko ere.

Bertsoa da udalekuen muina, bertso mundu txiki bat sortzen da txanda bakoitzean. Bertsolariekin harreman zuzena izaten dute udalekuetan parte hartzen dutenek eta haiekin bertso saioak eta bestelako ekintzak egiten dituzte: elkarrizketak, jolasak...

Halaber, bertso udalekuek tokian tokiko herria eta herrialdea ezagutzeko balio dute. Herriko kultur eragileekin egin ohi da harremanean eta ekintza osagarri interesgarriak egiten dira haiekin batera.

Azkenik, hezkidetza eta kantagintza ere lantzen dugu txanda guztietan, horretarako dauden bi eragileren bitartez.

Aurtengo txandei buruzko informazio osatua hemen duzue ikusgai.