Arrate Illaro eta Jon Sarasua Sardinian

2013/10/17
Urriaren 19 eta 20an Sardinian gauzatuko den kantu inprobisatuari buruzko topaketan bertsolaritzaren ordezkari izango dira. Jon Sarasuak bertsolaritzari buruzko hitzaldia eskainiko du lehenik, eta ondoren, Arrate Illarorekin batera arituko da kantuan.

Sardiniatik Mintzola Fundaziora gonbidapena iritsi zaigu Euskal Herriko bi bertsolarik bertsolaritzari buruzko hitzaldia eman eta bertso saioa egin dezaten urriaren 19 eta 20an. Paulu Zedda Sardiniako inprobisatzaileak, antolatu du Sardiniako topaketa. Bertan Sardiniako kantu inprobisatuari buruzko hitzaldiak antolatu dituzte, saioak ez ezik, eta kanpoko gonbidatu gisa Euskal Herriko ordezkaritza hautatu dute.

Arrate Illaro eta Jon Sarasua izango dira bertsolaritzaren ordezkari. Jon Sarasuak bertsolaritzari buruzko hitzaldia eskainiko du lehenik, eta ondoren, Arrate Illarorekin batera arituko da kantuan. Bertsoak gaztelerara itzuliak izango dira.

Paulu Zedda 2003an Bertsozale Elkarteak antolatu zuen munduko kantu inprobisatuen topaketan izan zen eta geroztik atxiki du harremana Bertsozale Elkartearekin. Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia dela medio, Euskal Herrira etorriko da, okerrik ez dela, finala bertatik bertara jarraitzeko BECen, Mintzolako terraza zientifikoan.