Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Urtarrilak 20, Gasteiz, Kakiturri

Kakiturrin Errekaleor birizik

2018 01 20 kakiturriEhari-Kakiturriko bertso eskolak antolaturik, Arabako kuadrila arteko 2018 txapelketarako zita jarri zuten Ehariko Kakiturri elkartean pasa den larunbatean, urtarrilaren 20an, Kakiturrik eta Errekaleor Bizirik kuadrilak.

Arratsaldeko 14:00etan zen hitzordua eta 35 lagun bildu ziren bazkaritara. San Sebastian eguneko angula ametsez joan zirenak, entsalada eta solomoz egin zituzten sabelakikoak, hori bai sagardo eta patxaranez eztarriak bustita.
Aurkezle lanetan Patxi Epelde izan genuen, eta Kakiturri talde urdinetik: Xabier Riko, Serapio Lopez eta Rikardo Gonzalez de Durana kantari. Talde laranjatik berriz Errekaleorretik hurbildu zirenak: Jagoba Apaolaza, Sabin Aranburu, Maddi Sarasua, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal. Azkenik eta epaile lanetan, Karmele Madinabeitia, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Haizea Beruete aritu ziren.
Saio hasiera bertso sorta kolektiboak abestuz hasi zuten, Alberto Martinezk idatzitako "Nere Testamentua"ri ahotsa jarri zioten Brasenseroak taldekoek ( Felipe Zelaieta eta Xabier Acebok).
Ondoren bat bateko saio puntuagarria jokatu zen eta prestaturiko agur kantatutik bere freskura, irudimena eta grazia erakutsi zuten "Errelagekor Birizik" boskoteak. Kakiturriko beteranoak segidilla bidez jarri zituzten bere umore notak.
Formatuz kanpo izan arren , sorpresa polit bat iritsi zen ondoren, Garazi Gonzalez de Duranak, 13 urteko Oreitiarrak, Iparraldeko Guk taldearen abesti batez goxatu zituen entzulearen belarriak, bere ahots hunkigarriarekin.
Ofiziotako ariketetan saio atsegin eta zirikatzailea osatu zuten bi taldeek, eta epaileen puntu baturak Errekaleor jo zuen saio honetako garaile. Giro ederrean guztiek elkar agurtu eta esperantzats segi zuten bi taldeek hurrengo saioetarako.
Branssenszaleak taldeak kantatutako bertso sorta idatzita hauxe da
Doinua: Supplique pour être enterré à la plage de Sète (Georges Brassens )

Urtetan aurrera goazen neurrian
aurkitu gaitezke hain trantze larrian:
azkena eman beharra.
Mundua uzteko lasai ta pakean
jar dezadan orain  papertxo batean
testamentuko oharra.

Segadun andrea datorrenerako
egitekorikan ez denez faltako
datorkiguna onartu.
Azken desioak paperean jarri
gero sortu ez dadin mila saltsa larri
zer gerta ere prestatu.

Makina bat dogma ta egizko gezurrak
saldu dizkigunak eliza maltzurrak
utikan bele beltz horiek !!
Meza ta holakorik ez egin mesedez
ateo hil nahi dut, bizi izan naizenez
erregutzen dut neronek.

Hil ondorengoa ez da ahaztu behar
hiletetan egin ohi da hainbat negar
gezurrezkoak gehienak.
Faltsukeriarik ez dut nahi nirean
beraz, arren utzi nonbaiten gordean
itxurazko min ta penak.

Santa Luziak ta Ocasok ere bai
hil eta gero’re ondo kobratu nahi
alternatibarik bada.
Bikingoek egin ohi zuten bezela
Zadorra ertzean jarrita batela
erretzea merkea da.

Ditudan etsaiak nire erreketara
gonbidatu eta han begira laga
zerraldoa aurrean dela.
Utzi zaiezue niri su ematen
bertatik bertara ziurta dezaten
zinez hilda nagoela.

Mendi hegal batean errautsak zabaldu
zer egin horretan astirik ez galdu
ipar ta hego astindu di-da.
Irlandarren eran gero oturuntza
musika ta dantza zapalduz hilkutxa
hiru egunetan aski da.

Alaba maitea zu zaitut gogoan
jakin zor handiak nitula kolkoan
ta etxea pagatu gabe.
Akreedoreren bat azaltzen bazaizu
ni nagon tokira bidali ezazu
kobratu nahiko balu’re.

Nire alarguna tristerik balebil
trikimailurikan arren ez erabil
nahiz eta malkotan blaitu.
Hala nahiko balu ahal bada goxatu
besarkatu eta igoal musukatu
baina ez gehiegi alaitu.

Gure artekoren bat bizirik balego
Gudari zaharren bat zutik balitz edo
Betorkit hilobiraino.
Omenaldi hoberik ezin bururatu
Nahiz eta horretaz gogotik pentsatu
Zuen bertso bana baino.
Nire desioak beteko balira
bare egingo nuke betiko erretira
arrenkura handirik gabe.
kondenatzerikan nahi ez baduzue
eskatutakoa egin ezazue
arima triste honen alde.

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Giro ederra nagusi Kuadrillarteko lehen asteburuan

Giro ederra nagusi Kuadrillarteko lehen asteburuan

2018/01/22

Pasa den asteburuan, ostiralarekin jokatu ziren Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketako lehen 5 saioak Ataurin, Aramaion, eta Gasteizen. Giro ezin hobeagoan Aramaioko sobrak, Sumendi bete poto (Gasteiz), Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio), Errekaleor birizik eta Txandrio (Arabar Errioxa) taldea izan ziren garaile saio bakoitzean.

Giro ederra nagusi Kuadrillarteko lehen asteburuan - Gehiago irakurri

Kuadrillartekoan, lehenengo bost saioak asteburu honetan

Kuadrillartekoan, lehenengo bost saioak asteburu honetan

2018/01/18

Aramaio, Atauri eta Gasteizen jokatuko dira Kuadrillarteko hasierako faseko lehenengo 5 saioak.

Kuadrillartekoan, lehenengo bost saioak asteburu honetan - Gehiago irakurri

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

2018/01/13

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillartekoa aurkeztuko zuten Gasteizen. Txapelketa formatua edukiko du 2018ko edizioak. Guztira 320 parte hartzaile.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2018/01/20
Ordua
14:00
Herria
Gasteiz
Tokia
Kakiturri elkartea