Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Urtarrilak 26, Aramaio

Aramaioko Ibabeko Bertaren ilobak eta Aiaraldeko Alfreedo

IMG 7716Ederra joan zen Aramaioko Marixeka elkartean urtarrilaren 26 gaueko saioa. Kanturako prest etorri ziren Ibabeko Bertaren bilobak anfitrioiak eta Alfreedo taldeko Aiaraldeko kideak. 36 lagun elkartu ginen afaltzera, elkarteari itxura ederra emanez. Iker Elexpuruk eta laguntzaileek prestatutako afari mundialean (horrelako sukaldariarekin kezka gutxi izaten da kantitate eta kalitatean) jandako guakamole, indioilar, falafel eta abarrekin digestioa egiteko denborarik gabe hasi zen bertsoaren festa.

Bertso idatzien txanda izan zen aurrena eta horretarako Aramaioko Kantu Lagunak taldeak ahots ederrez kantatu eta dantzatu zituzten herriko himnoak bihurtzeko aukera asko dituzten hainbat bertso ("Gora herri txiki ta bizixe!").

Bat bateko saiorako aurrez aurre Aiaraldetik etorritako Alfreedo taldea (Izar Mendiguren, Unai Mendibil eta Asier Rubiok osatuta) eta Aramaioko Ibabeko Bertan bilobak taldea (Xabi Igoa, Andere Arriolabengoa eta Manex Agirrek osatuta) izan genituen. Sarrerako agurretarako aramaioarrek Al Bano eta Romina bertsioneatuz eta Aiaraldekoek gitarra lagun hartuta ederki berotu zuten giroa. Lierni Altuna gaijartzailearen esanak jarraituz bertsolariek bete zituzten egin beharreko lanak eta azkar pasa zen saioa entzulearentzat, bertsoaldi onak joan ziren seinale.

Bukaeran epaileek puntu batuketak egin eta gero Aramaioko Ibabeko Bertan bilobak taldea atera zen garaile.

Hauxe da Aramaioko Kantu Lagunak taldea egindako bertso sorta:

Santa eskeko kopla doinue: “Aramaixo, auzoik auzo”

Auzo edo herritarrik
ez dago esan biherrik
Aramaixoko ekosistema
ez da Ibarra bakarrik

ESTRIBILLUE
Bailara gisa haundixe
herri txiki ta bizixe
etxerik etxe, auzorik auzo
eitten da gure herrixe

 Aukerako pasiara
Anbotopeko maldara
Aukera ona da ezautzeko
Etxaguen eta Gantzaga

 ESTRIBILLUE

Argazki on baten bila
benetako marabila
Muru azpiko parajietan
topauko dozu Untzilla

 ESTRIBILLUE

Gureixan begira jarri,
desafioka elkarri
Aldapa batek bereizten dittu
Aixola ta Uribarri

ESTRIBILLUE

Baserritarren artera
bedartzaren paisajera
buelta bat emun, haixea hartuz
Azkuatik Bajonera

ESTRIBILLUE

Bitxikeriaz beteta
Orixolpean gordeta
Euskaldunentzat Araba dana
da guretako Oleta

ESTRIBILLUE

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Ikusle ugari Kuadrillarteko bigarren asteburuan

Ikusle ugari Kuadrillarteko bigarren asteburuan

2018/01/30

Pasa den asteburuan, Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketako 3 saio jokatu ziren: Aramaion, Agurainen eta Oionen. Ikusleek sortutako berotasunean hauek izan ziren saio horien irabazleak: Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio), Txandrio (Arabar Errioxa) eta Errexala (Gasteiz). Asteburu honetan bukatuko da 1.fasea.

Ikusle ugari Kuadrillarteko bigarren asteburuan - Gehiago irakurri

Kuadrillartekoa Aramaion, Agurainen eta Oionen

Kuadrillartekoa Aramaion, Agurainen eta Oionen

2018/01/24

Kuadrillartekoaren bigarren asteburuan 3 saio jokatuko dira. 6 talde arituko dira bat-bateko modalitatean, eta 3 talde idatzizkoan.

Kuadrillartekoa Aramaion, Agurainen eta Oionen - Gehiago irakurri

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

2018/01/13

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillartekoa aurkeztuko zuten Gasteizen. Txapelketa formatua edukiko du 2018ko edizioak. Guztira 320 parte hartzaile.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2018/01/26
Ordua
20:30
Herria
Aramaio
Tokia
Marixeka elkartean