Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 2, Laudio

Kronika

Ostiralean jokatu zen Aiaraldeko "Alfreedom" eta Mendialdeko "Mitxarroak" taldeen arteko desafioa. Arabako Kuadrilla arteko bertsolari txapelketako bigarren saioa izan zen bi taldeentzat, aurrez Aramaiokoekin aritu baitziren kantuan. Laudioko Basalarrina elkartean jarri zuten hitzordua, 21:00etan. Alabaina, 20:00etan abiatu zen ahotsak eta gorputza berotzeko trikipoteoa, Lander Otaola eta Txema Isasi musikarien laguntzaz. Hala, 22:00etan eseri ziren afaltzen bertsozaleak, eta ondorenean ekin zioten bertso saioari. Lehendabizi, ordea, idatzizko bertsoak kantatu zituzten eskualdekoek.
Bat-bateko bertsoen txanda iritsi zen ostean. Samu Pasandinen esanetara jardun zuten zortziko handian Julen Zulaika eta Izar Mendigurenek. Jupiterretik itzuli edo ez pentsatzea egokitu zitzaien. Zortziko txikian, aldiz, Asier Rubio eta Eli Plazaola aritu ziren. Gaiak bikote baten azalean kokatu zituen bertsolariak, amonak larrutan harrapatu eta "trioa" egiteko proposatu zien unean, hain zuzen. Lau oinak eta bukaera emanda osatu zituzten ariketak segidan, eta puntu erantzunekin, puntuka eta koplaka heldu zioten gauari gero.
25 bertsozale elkartu ziren txokoan. Epaileek Aiaraldeko "Alfreedom" taldeari eman zioten garaipen puntua. Aramaiokoek irabazi dituzte bi saioak, eta hortaz, eurak sailkatuko dira zuzenean finalerdietara. Aiaraldekoek kanporaketen emaitzen zain geratu beharko dute, 2 talde pasako baitira puntuazioei esker. 
Alfreedon taldeak egindako bertso sorta hemen:
Doinua: Paloma (Andres Calamaro)


Oso lasaia da berez
Aiaraldeko bizitza
gurean daukagulako
guk zorionaren giltza
baina berpizten denean
berriz bertsoaren sitsa
sasibertsolari batzuk
aztoratuta gabiltza
nolatan lortu liteke
talde eder ta anitza
jakinik inguruotan
aukera dela murritza?
bertso sorta bat idatzi
ez arau ta ez baldintza
baietza eman genuen…
bete behar dugu hitza

Sorta hontan nahi genuke
azaldu asunto latza
nahiz kontatze hutsak ia
eteten digun arnasa
Gaizkileari gozoa
inozenteari gatza…
urrundik ikusten zaio
deabruari isatsa
Zer justizia daukagun
ez da ulertzen erraza
Bejondeizula entzule
baldin bazara kapaza!
Bere menpe ezin dugu
denbora gehiago pasa
Ojala botako balu
laster bere azken hatsa!

Zergatik ote gabiltza
gai honekin horren bero?
ezarri nahi baitigute
hainbat fede, hainbat kredo
baina libre ta_errebelde
izatez garenez edo
sarritan bihurtzen gara
kartzeleroen bezero
Injustiziaren kontra
ekin behar egunero
gure ErreHarriari
gogoz hartu errelebo
arretaz entzun ezazu
aizu Estatu borrero
oker zaude etsi behar
dugula uste ezkero
Ta ozen esango dugu
Maite zaitugu Alfredo!!

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Arabako Kuadrillartekoaren finalaurrekoak erabakita geratu dira

Arabako Kuadrillartekoaren finalaurrekoak erabakita geratu dira

2018/02/04

Laudion, Legution, Gasteizen, Errekaleorren, Izarran eta Zalduondon jokatu dira 1.faseko azken 6 saioak. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Txandrio (Arabar Errioxa), Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio), Sumendi bete poto (Gasteiz), Aramaixoko sobrak, Gasteizko Bapateroak eta Errekaleor birizik.

Arabako Kuadrillartekoaren finalaurrekoak erabakita geratu dira - Gehiago irakurri

Asteburu honetan Kuadrillartekoaren 1.faseko azken sei saioak

Asteburu honetan Kuadrillartekoaren 1.faseko azken sei saioak

2018/01/31

Hirugarren asteburu honetan, sei bertso saiorekin bukatuko da Kuadrillartekoaren lehen fasea: Laudion, Errekaleorren, Gasteizen, Izarran, Legution eta Zalduondon. Bat-bateko 10 talde arituko dira, eta idatzizko modalitateko 7 talde. Lau ligako irabazleek finalaurrekoetan kantatuko dute gehi puntuazio altuena lortzen duten lehenengo biek.

Asteburu honetan Kuadrillartekoaren 1.faseko azken sei saioak - Gehiago irakurri

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

2018/01/13

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillartekoa aurkeztuko zuten Gasteizen. Txapelketa formatua edukiko du 2018ko edizioak. Guztira 320 parte hartzaile.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2018/02/02
Ordua
21:00
Herria
Laudio
Tokia
Basalarrina elkartea