Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Urtarrilak 27, Oion

Arabar Errioxako Txandrio eta Legutioko Tribitu
Bazkarian zehar 2Astean zehar eguraldi kaxkarra izan bazen ere, eguzkiak kuku egin zuen Oionen 2018ko urtarrilean 27an kuadrillarteko saioari dirdira gehiago emateko asmoz. Bertan, Arabar Errioxako Txandrio bertso eskolak eta Legutioko Tribitu taldeak zuten lehia.

“Azkenak” elkarteari kea zerion. Sukaldean bor-bor eta jantokian bixi-bixi bertso-sortako kideen azken ukituak zirela eta. Gero poteoa. Ondoren bazkari bapoa. Eta azkenik saioa hasteko ordua. San-Bi taldeak (Oiongo San Bizente ikastolako ikasle eta ikasle ohiez osatutakoa) ireki zuen bidea “Aldapan gora” kantarekin. Ahotsek, triki, kajoi eta gitarra izan zuten laguntzaile. Giroa bero-bero utzi zuten. Eta horrela mantenduko zen saio guztian zehar.

Txandriotarren agurrean, guztiz vintage, Hotel California, Ongi etorri Errioxara bihurtu zen eta tribitutarrek rock mini-kontzertua eskaini zuten agur gisa. Talde biekin publikoak biziki gozatu zuen.

Zortzikoen garaian Orlandok eta Mariak handian jokatu zuten, eta Iñakik eta Unaik, txikian. Iker eta Josu lau oinetan ederki trebatu ziren. Ginkana polita hasita zegoen, sei bertsolariak martxa hartuta zeuden. Aurrera jarraituz, bertso bukaera emandako lanean Maria eta Iker ibili ziren norgehiagokan, eta puntu erantzunean Orlando eta Iñaki.

Kartzelako lanean erretiratuen bizimodua hartu zen gaitzat. Alazne gai-jartzaileak hainbat objektu eskaini zizkion talde bakoitzari girotu zedin, eta baita bertsolariak erabili ere. Azken lan puntuagarrian, kopletan, etxekoek “Sorterriko koplak” hautatu zuten; gonbidatuek, “Egun da Santimamiña”.

Josu, Nagore eta Ekaitz epaileen emaitzaren zain bitartean, sei bertsolariak agurra kantatu zuten elkarrekin “Aita semeak” doinuan.

Bertsolariak bakarka ondo aritu baziren ere, taldekako lanetan kuadrillartekoaren mamia nabarmen geratu zen. Denontzako merezitako saria hirurogei lagunen txalo zaparrada izan zen; Txandriorentzat, gainera, garaipena.

Gau hotza iritsi zen, baina Errioxan kantatutako bertsoen berotasuna Legutioraino iritsi omen zen.

Hauxe da Oiongo Sanbi taldeko kideek kantatutako bertso sorta idatzia:

Doinua: Aldapan gora

Mendian gora
kobertura galtzen dut maiz
Instagram gabe
honaino, zertako igo naiz?

Nork bereizi zituen
internet, lurra su eta ura
mugikorren arteko lotura
ere ez ahal da natura.

Wifirik gabe
ezin naiz bizi
Daturik gabe
egin garrasi.

Hortz bihurtu naiz kasi
hauxe ez dut merezi
hobe kilorik ez galdu
eta gigak irabazi.

Whatsapp taldeak betirako
isildu ditut
koadrilakoak direlako
raiante batzuk.

Youtuber peto peto
baina, orain, nire aitonaren pare
bost jarraitzaile ditut, halaere
hobe mugikor gabe.

Wifirik gabe
zuhaitzen menpe
Daturik gabe
ni bai pakete.

Ama, izeba ta Maite
Gorka, Jon gero arte
Nire 5 jarraitzaileak
zoragarriak zarete. X2

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Ikusle ugari Kuadrillarteko bigarren asteburuan

Ikusle ugari Kuadrillarteko bigarren asteburuan

2018/01/30

Pasa den asteburuan, Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketako 3 saio jokatu ziren: Aramaion, Agurainen eta Oionen. Ikusleek sortutako berotasunean hauek izan ziren saio horien irabazleak: Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio), Txandrio (Arabar Errioxa) eta Errexala (Gasteiz). Asteburu honetan bukatuko da 1.fasea.

Ikusle ugari Kuadrillarteko bigarren asteburuan - Gehiago irakurri

Kuadrillartekoa Aramaion, Agurainen eta Oionen

Kuadrillartekoa Aramaion, Agurainen eta Oionen

2018/01/24

Kuadrillartekoaren bigarren asteburuan 3 saio jokatuko dira. 6 talde arituko dira bat-bateko modalitatean, eta 3 talde idatzizkoan.

Kuadrillartekoa Aramaion, Agurainen eta Oionen - Gehiago irakurri

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

2018/01/13

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillartekoa aurkeztuko zuten Gasteizen. Txapelketa formatua edukiko du 2018ko edizioak. Guztira 320 parte hartzaile.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2018/01/27
Ordua
14:30
Herria
Oion
Tokia
Azkenak elkartean