Bizkaia

Zazpi eskualdetako 50 bertsolari gazte inguru batuko ditu BBK Sariketak

2015/03/09
Bihar jokatuko da lehenengo kanporaketa Igorren, eta Bilbon izango da finala martxoaren 26an.

Goizean aurkeztu dute Bilbon XXIII. BBK Bertsolari Gazteen Sariketa. Bihar izango da lehenengo kanporaketa Igorren, eta martxoaren 26an jokatuko da finala Bilbon.

2015-03-09 BBK sariketa prentsaurrekoa

Aurtengoan, zazpi eskualdek parte hartuko dute sariketan, eta bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute. Eskualdeak Arratia-Txorierri, Bilboaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Ipar Uribe (Eskumaldea), Enkarterriak eta Durangaldea izango dira. Horrela, 50 bertsolari inguruk kantatuko dute aurtengo BBK Sariketan.

Bertsolari Gazteen BBK sariketa, taldekako sariketa da. Talde bakoitza 6 bertsolarik osatzen du, eta talde bakoitza multzo bitan banatuta dago, adinaren arabera:

  • A mailakoak hiru, 18 urtera artekoak
  • B mailakoak beste hirurak, 19-24 urte artekoak.

Sariketa gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK salan. Bertan egon dira Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna, eta Fredi Paia, Bizkaiko Bertsolari Txapelduna.

Saioen egutegia:

Sailkapen saioak:

  • Martxoak 10:
    Arratia/Txorierri - Bilboaldea
    Igorren, Laster Aretoan, 11:30ean.
  • Martxoak 11:
    Enkarterriak - Uribe Kosta
    Zallan, Euzkadi Plaza 3-n, 10:00etan. 
  • Martxoak 17:
    Durangaldea - Busturialdea
    Durangoko Frai Juan Zumarraga institutuan, 12:00etan.

Finalaurrekoak:

  • Martxoak 18:
    Lea-Artibai (iazko irabazlea) - 1.saioko irabazlea
    Markina-Xemeingo Lea Artibai ikastetxean, 11:30ean
  • Martxoak 24:
    2. saioko irabazlea - 3.saioko irabazlea
    Sopelan, Ander Deuna ikastolan, 9:30ean.

Finala:

  • Martxoak 26:
    Bilboko kafe antzokian, 19:00etan.

 

Berrikuntza:

Sariketa honetako protagonista nagusiak bertsolari gazteak badira ere, baditu beste protagonista batzuk: epaile taldea eta gai-jartzaile taldea.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gai-jartzailetza eta epailetza formazio saio laburrak eskaini ditu azkenengo urte bi hauetan. Formazio saio hauen ondoren, gai-jartzailetzan edo epailetzan jarraitzeko gogoa piztu zaienei plazak eskaintzea eta transmisio osoa bermatzea Elkartearen helburu nagusietako bat da. Sariketa honen bitartez, beraz, bertsolari gazteei lehenengo plazak eskaintzen zaizkien moduen, epaile, gai-jartzaile eta aurkezle gazteei ere plazak eskaintzea da helburua.

Aurten, epaile taldean, Juanjo Respaldizarekin batera Miriam Juaristi eta Beñat Romero ibiliko dira.

Gai-jartzaile taldean, Maite Berriozabal eta Begoñe Olabarriaren koordinaziopean, 7 gazte ibiliko dira gai-jartzaile eta aurkezle lanetan: Eneko Arrate, Olatz Larrinaga, Magali Caballero, Eneritz Zengotitabengoa, Nahia Arrese, Itxaro Juaristi eta Arrate Gaztelu.