Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Bertsolari Gazteen BBK sariketeak 25 urte bete ditu

2017/03/07
Bihar hasi eta martxoaren 31 bitarte jokatuko da Bertsolari Gazteen XXV. Sariketa.

Goizean aurkeztu dute Bilbon XXV. Bertsolari Gazteen BBK Gazteen Sariketa. Bihar izango da lehenengo kanporaketa Arratzun, eta martxoaren 31n jokatuko da finala Bilbon.

1993. urtean jokatu zen lehenengoz Bizkaiko bertsolaritzan hain sustraituta dagoen taldekako sariketa hau. Orduko hartan 35 gaztek hartu zuten parte, 5 taldetan. Urteek aurrera egin ahala, sariketa haziz eta Bizkaia osora hedatuz joan da. Aurten irudi berrituarekin eta indartsu dator sariketa.

Sariketa gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan. Bertan egon dira Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna, Leire Aragón BBKren Gizarte Ekintzako zuzendaria eta Etxahun Lekue, Bizkaiko Bertsolari Txapelduna.

 

Egitura:

Bertsolari Gazteen BBK Sariketea taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute. Aurten, iaz egin zen moduan, 8 taldek hartuko dute parte, eta beraz, 60 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du;

  • Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Uribe-Butroe, Uribe-Kosta, Hego Uribe eta Lea-Artibai.

Talde bakoitza 6 bertsolarik osatzen du, eta talde bakoitza multzo bitan banatuta dago, adinaren arabera:

  • A mailakoak hiru, 18 urtera artekoak
  • B mailakoak beste hirurak, 19-24 urte artekoak.

Bertsolari Gazteen BBK sariketaren ezaugarri nagusienetako bat, taldekako izaera izan da, eta oinarri horri eusten dio gaur egun ere. Hau da, taldekideen lana talde moduan baloratzen da, eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera. Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da, eta finalaurreko batzkoitzeko irabazlea finalera.

 

Egutegia:

2017 bbk egutegia

 

Entzuleak: 

Saio gehienak ikastetxeetan egiten dira, eta ikusleak, kasu denetan, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Edozein kasutan, saioak irekiak dira, eta gura duena hurbildu daiteke. Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Finala BBK Salan izango da martxoaren 31n, eta talde argazki handia aterako da bertan, aurtengo parte hartzaileekin, eta baita, 25 urte hauetan sariketa honen parte izan diren gainontzeko eragileekin (betsolari, gai-jartzaile, epaile, antolatzaile…) ere.

 

Talde teknikoak:

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gai-jartzailetza eta epailetza formazio saio laburrak eskaini ditu azkenengo urteetan. Formazio saio hauen ondoren, gai-jartzailetzan edo epailetzan jarraitzeko gogoa piztu zaienei plazak eskaintzea eta transmisio osoa bermatzea Elkartearen helburu nagusietako bat da. Sariketa honen bitartez, beraz, bertsolari gazteei lehenengo plazak eskaintzen zaizkien moduen, epaile, gai-jartzaile eta aurkezle gazteei ere plazak eskaintzea da helburua. Eta aurten ere, horrela izango da.

 

 Berrikuntza:

Bertsolari Gazteen BBK Sariketa, talde izaera duen sariketa da. Bertsolariek taldean parte hartzen dute, eta aurten, esan bezala, 8 talde arituko dira sariketan.

Talde izaera hori indartu eta elkarren arteko harremanak indartu guran, iaz egin zen antzera, aurten ere,  Txapelketako sari nagusia taldeko plan bat izango da . Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, bai, baina ez dute bestelako sari ekonomikorik jasoko. Sari nagusia, esan bezala, Txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da.