Gaur amaituko da Bertso Udalekuetan izena emateko epea

2015/04/13
Muxika, Maule eta Zuhatzan lekua dago oraindik.

Uztailean eta abuztuan burutuko diren bertso-udalekuetan parte hartu nahi dutenek gaur izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako, www.bertsozale.eus helbidera sartu edo 943 69 41 29 telefono zenbakira deitu beharko dute interesa dutenek.

Orion eta Irañetan txandak bete diren arren, Muxika, Maule eta Zuhatzan geratzen da lekurik oraindik. Mauleko bertso-udalekua 15-18 urte bitarteko gazteei dago egokitua eta uztailaren 17tik 26ra gauzatuko da. Zuhatza eta Muxikako bertso-udalekuak, aldiz, 9-11 urte bitarteko gaztetxoentzat dira eta abuztuan burutuko dira.

Hamazazpigarren aldiz antolatu dira bertso-udalekuak, eta pasa den aurteko joerari jarraiki izen ematea arrakastatsua izan da. Bertso-udalekuetan bertso mundura lehenengo aldiz hurbildu nahi duen 9-18 urte bitarteko gazte orok har dezake parte. Bertsolaritza da udaleku hauen muina eta horri loturik egiten dira ekintza asko. Dena den, bestelako alor batzuk lantzeko ere aukera ematen dute bertso-udalekuek: hezkidetza eta kantagintza ere lantzen da, eta tokian tokiko herria eta herrialdea ezagutzeko aukera ematen dute, aisialdi giroan.

Bertso-udalekuen inguruko informazioa hemen duzue ikusgai; baina, mugi! esan bezala, gaur amaitzen baita bertso-udalekuetan izena emateko epea.

Iazko bertso-udalekuetan, Zuhatzan