Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Amurrion, larunbat honetan jokatuko da Kuadrillartekoaren 2.finalaurrekoa

2018/02/21
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketako bigarren finalaurrekoa Amurrioko kultura etxean jokatuko da. Gaztetxean programatuta zegoen baina bertako lan konponketak direla eta lekuz aldatzea erabaki da. Larunbat honetan, 19:30ean hasita, Aramaioko Ibabeko Bertaren bilobak taldea eta Gasteizko Bapateroak taldea kantuan arituko dira. Bertan erabakiko da Gasteizko finalean, martxoaren 17an izango den bigarren taldea zein izango den.

Ibabeko Bertaren bilobak eta Bapateroak taldeak izango dira aurrez aurre larunbatean, Amurrioko kultura etxean. Pikoteo bat eskainiko da 19:00etan eta saioa 19:30ean hasiko da. Lehendabizi Aiaraldeko Alfreedom bertso sorta idatzizko taldeak kantatuko ditu prestatutako bertsoak, ondoren jokatuko da finalaurrekoa.

Aramaioko taldean bertsotan egingo dutenak dira Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa,. Gasteiztarrak, berriz, Aroa Arrizubieta, Unai Anda, Maddalen Arrausi, Xabier Antia eta Mikel Martin.

Gai jartzaile lanetan Nieves del Alamo ariko da. Saioa hiru epailek baloratuko dute: Iker Elexpuru (Aramaio), Eli Zaldua (Gasteiz) eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Patxi Aizpurua.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

-Agur kolektiboa (ez da puntuagarria)
-A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso
-Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana
-B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
-Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
-Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
-B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
-Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Urtarrilaren 19an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 14 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta hiru astez 14 saio egin ondoren 6 talde pasa ziren finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoa Araian jokatu zen, Arabar Errioxako taldea sailkatu zen, bigarrena larunbat honetan Amurrion, eta azkena, martxoaren 3an Aramaioko Sastiñan.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Gasteizko Landatxo kiroldegiko finalean, martxoaren 17an, abestuko dutenak.