Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Martxoaren 17an, Gasteizko Alde Zaharrean, Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaren finala

2018/03/14
Urtarrilaren 13an eman zitzaion 2018ko Arabako Bertso KuadrillIa Artekoari hasiera eta larunbat honetan, hilak 17, ia bi hilabeteren bueltan helduko zaio amaiera. Egun osoko egitarauaz zipriztinduko da Gasteizko alde zaharra, eguerdian hasita arratsaldeko finaleraino.

Gasteizen hasi eta amaituko da, urtarrilaren 13an hasiera izan zuen Kuadrillartekoa. Arabako geografian zehar burutu dira 4 ligatan banatuta 14 saio ezberdin, 3 finalaurreko eta honela finalerako txartela Arabar Errioxako Txandriok, Aramaioko Ibabeko Bertaren Bilobak eta Errekaleorreko Erreralekor Birizik! taldeek bereganatu zuten.

Azken geltokia, martxoaren 17an, larunbat honetan izango du Arabako 5. Bertso Kuadrillartekoak. Egun osoko egitaraua dakar Gasteizko muinora, goizeko 12etan bi poteo abiatuko dira Gasteizko Alde Zaharrean zehar, bertsorik-bertso, kalez-kale ibiliko dira bat batean aritu diren 14 taldeetako kideak eta bertso sortak idatzi eta kantatu dituzten hainbat talde. 14:30ean Landatxo kiroldegian burutuko da bazkaria eta ostean gaina joko duen finala izango da arratsaldeko 17etan.

KAntuan arituko diren Arabar errioxarrak Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea izango dira. Aramaioarrak Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa. Eta Errekaleortarrak Eñaut Otxoa de Eribe, Maddi Sarasua, Sabin Aranburu, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal.

Gai jartzaile lanetan Nieves Del Alamo izango da eta aurkezle Oier Suarez ariko da.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalean:

-Agur kolektiboa puntuagarria.
- Binaka ofizioka 8 txikian, ondorengo konbinazioetan: A taldeko bat B taldeko baten kontra, B taldeko bat C taldeko baten kontra, C taldeko bat A taldeko baten kontra.
-Aurrekoak (bertsolari neutral bat izango da) atzekoei (talde bakoitzeko kide bat) gaia emanda, atzekoek bertso bana osatu arte.
-Seiko motza, ondorengo konbinazioetan: B taldeko bat A taldeko baten kontra, C taldeko bat B taldeko baten kontra, A taldeko bat C taldeko baten kontra.
-Talde bakoitzeko batek aurkezleak jarritako hiruna punturi erantzun.
-Hiru taldeen arteko ofizioa, talde bakoitzeko bi bertsolari, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda.
-Puntuka, gaia emanda, talde bakoitzeko bana, 8ko txikian 6 bertso osatu arte.
-Kartzela egoeran, gaia emanda, taldeko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta. Estutzen ez bagaitu bere neurriak doinuan.
-Segidilla, taldekide guztien artean, 3 minutu.

Urtarrilaren 19an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 14 taldek hartu dute parte lehen fasean, 6k finalaurrekotan eta  hiru pasa dira larunbateko finalera.

 

 

 

Finalaren eguna, egun osoko festa izango da Gasteizko alde zaharrean.

12etan, eguerdian, Gasteizko muinoan kokatu dagoen Landatxo kiroldegitik hasita, idatzizko eta bat-bateko taldeak arituko dira tabernaz taberna.

14:30ean, bazkaria.

Bazkarian izena emateko deitu 675 70 79 71 telefonora edo idatzi helbide honetara: araba.sustapena@bertsozale.eus

Izena emateko azken eguna martxoak 14.

Bazkideak eta 6-16 urte bitartekoak 12€, gainontzekoak 15€.

17:00etan bazkal ostean finala jokatuko da.TXANDRIO, IBABEKO BERTAREN BILOBAK eta ERRERALEKOR BIRIZIK! 3 taldeen arteko FINALA, Landatxo kiroldegian bertan.

Sarrerak, egunean bertan salgai
Bazkideak eta  6-16 urte bitartekoak 3€, gainontzekoak 5€