Larunbatean Dulantzin emango zaie hasiera finalaurrekoei
Lehen finalaurrekoa Dulantzin jokatuko da larunbatarekin, arratsaldeko 17:30ean Mikaela Portilla Kultur Etxean.
Bigarren faseko 1. saioa izango da Dulantzikoa eta datorren larunbatean jokatuko da bigarrena Aramaion. Saio banatako irabazlea zuzenean pasako da martxoaren 28an Gasteizko Europa Biltzar jauregian jokatuko den finalera. Eta gainontzeko lauak, lehen fasea eta finalaurrekoen puntuazio metaketaren araberako hurrenkeran.
Dulantzin, martxoaren 7an, larunbata, 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa izango da, 17:30ean hasiko da.
Dulantzin kantatuko duten bertsolariak, hurrengoak izango dira:
- Aroa Arrizubieta Barredo - Gasteiz
- Asier Otamendi Alkorta - Urretxu/Gasteiz
- Ekaitz Samaniego Curiel - Gasteiz
- Iñaki Viñaspre Simon - Abetxuku
- Maddi Agirre Epelde - Gasteiz
- Unai Anda Delika - Ametzaga
Gai emailea Olatz Santocildes Martinez (Izarra) izango da.
Kantatuko duten bertsolarien artean aipatzekoa da:
-Aroa Arrizubietak 2016, 2017 eta 2019an Arabako Eskolartekoa irabazi zuen. 2017an Euskal Herriko Eskolartekoa irabazi zuen, irabazten duen lehenengo arabarra izan zen. 2019an parte hartu zuen lehen aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan eta finalista izan zen. 2024an Arabako Bertsolari Txapelduna izan zen, beraz egungo txapelduna da bera.
-Asier Otamendi 1997-2001 San Prudentzio Sariketan 5 aldiz txapeldun eta 2002, 2004, 2005 eta 2008ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna izan da.
-Ekaitz Samaniego 2023an , Arabako Kuadrillartekoa irabazi zuen taldeko partaide izan zen, "Katuko Muñoak" taldekoa (Eli Zaldua eta Iñaki Viñasprerekin batera).
-Iñaki Viñaspre 2002an eta 2003an, Arabako Eskolarteko Txapelketan txapeldun. 2004tik Arabako Bertsolari Txapelketan finalista, 2019ko txapelduna. 2023 Arabako Kuadrillartekoa irabazi zuen taldeko partaide izan zen, "Katuko Muñoak" taldekoa.
-Maddi Agirre 2021, 2022 eta 2023ko Arabako Eskolarteko txapelduna izan da.
