Los Arcosen jokatuko da txapelketako lehenengo faseko azken saioa, igandean
Auritzetik, Mutiloatik eta Iruritatik igaro ostean, lehenengo faseari azken saioa gelditzen zaio jokatzeke 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketari. Igandean izanen da saio hori, Los Arcoseko Kultur Etxean, 17:30ean. Ander Aranburu gai-jartzaile dela, bertan izango dira kantuan Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Kattin Madariaga, Patxi Castillo, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Los Arcoseko Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.
Saioan puntu gehien biltzen dituen irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetako faserako. Dagoeneko Eneko Lazkozek, Julio Sotok eta Xabat Illarregik eskuratu dute txartel hori, Auritzeko, Mutiloako eta Iruritako saioak irabazita, hurrenez hurren. Lau saioetako lau irabazleekin batera, beste 14 bertsolari ere izango dira finalaurrekoetan, lehenengo faseko sailkapenaren araberakoa. Hain zuzen ere, igandean Los Arcoseko saioa bukatuta jakingo dira horien izen-abizenak. Une honetan, horrela dago sailkapena.
Azaroaren 1ean emango zaio hasiera finalaurrekoen faseari, egun horretan Agoitzen jokatuko den saioarekin. Beste bi saio ere izango dira, azaroaren 8an Leitzan eta 16an Tafallan. Horietan erabakiko da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Azaroaren 29an jokatuko da finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. Sarrera guztiak salgai daude dagoeneko.
