Iruritako saioak emango dio jarraipena txapelketari
Iruritan jokatuko da lehen faseko hirugarren saioa, larunbat honetan, 17:00etan hasita. Herri horretako Gizarte Bilguneak hartuko du saioa. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurretik Interneten agortu ez badira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Baztango Udalaren eta Iruritako herriaren laguntza izan du saioa antolatzeko garaian.
Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du saioa, eta sei bertsolari izango dira oholtza gainean: Amaia Elizagoien Varela, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Alzuri, Julen Zelaieta Iriarte, Patxi Castillo Graciarena eta Xabat Illarregi Marzol. Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan egoteko txartela; zehazki, Tafallakoan. Beste bertsolariek, datorren asteko Los Arcoseko saioarekin lehen fasea amaitu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko.
Saioaren ondotik, lehen faseko saio bakarra geldituko da jokatzeke, Los Arcosekoa hain zuzen ere, urriaren 26an. Orduan zehaztuko da txapelketako finalaurrekoen fasean ariko direnen zerrenda. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik.