Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Txaber Altubek irabazi du Markina-Xemeingo finalaurrekoa eta osatu da finala

2025/11/22
Azken finalaurrekoa jokatu da gaur Markina-Xemeinen; Altubek saioa irabazi du eta erabakita geratu da zeintzuk kantatuko duten abenduaren 20ko finalean.

Markina-Xemeingo Uni frontoian izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaren aurreko azken geltokia. Bosgarren finalaurrekoa izateaz gain, ezagutu dugu finalean ariko direnen zerrenda. Kanpoan hotz, baina ia 700 lagun frontoi barruan eta giroa bero, sei lagun hauek kantatu dute bertsozaleentzako:

Lan puntuagarri guztiak egin ostean Txaber Altube izan da puntu gehien batzea lortu duena, 638,5 puntu. Beraz, abenduaren 20an Bilbon jokatuko den finalerako txartela lortu du Abadiñoko bertsolariak. Horrela geratu dira gaurko puntuazioak.

Txaber Altube Sarrionandia_________638,5

Jone Uria Albizuri__________________630,5

Oihana Bartra Arenas______________620

Gorka Pagonabarraga Agorria______614

Xabat Galletebeitia Abaroa_________614

Imanol Uria Albizuri________________594

Gai-jartzaile beharretan Zihara Enbeita Gardoki arituko da. Epaile, ostera, hauek izango dira:  Ainhoa Arregi ElosuaAnder Arrien Aspiazu,  Garazi Mendoza AgirreJurgi Fuentes GoikoetxeaMarta Ortiz MateoMirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga egon da.

Esan bezala, azken finalaurrekoa izan da eta osatu da finala. Albiste honetan aurkituko duzue finalera sailkatutakoen zerrenda.

Finala abenduaren 20an jokatuko da, Bilbon. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian. Horrez gain, ETB1en ere emitituko da, zuzenean.

                Twitter Facebook Instagram