Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Irunen izango da hurrengo finalaurrekoa

2022/11/02
Larunbatean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa Irungo Ficoban. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Badator hirugarrena ere. Azaroaren 5ean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hurrengo finalaurrekoa, Irungo Ficoba erakustazokan. Oholtzara igoko diren sei bertsolariak Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria izango dira. Gai-emaile lanetan, Maialen Belarra Eneterreaga ariko da.

Saioa 17:00etan hasiko da eta ordubete lehenago irekiko dira aretoko ateak. Sarrerak eskuratzeko aukera dago oraindik www.bertsosarrerak.eus atarian eta egunean bertan leihatila irekiko da 15:00etan.

Finalaurrekoetako lehen itzuli osoan bezala, ariketa hauek egin beharko dituzte bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du)
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Larunbateko saioaren irabazleak Baionan kantatuko du bigarren itzulian, azaroaren 26an.

Irungoaren ostean lehen itzuliko finalaurreko bakarra geratuko da: Durangon izango da azaroaren 12an. Bigarren itzulia hasiko da gero eta Amurrion, Baionan eta Bilbon jokatuko dira saioak.

 

Ficobara iristeko oharrak

Irungo erakustazokak aparkalekua badu ere, autoa partekatzea gomendatzen dugu antolakuntzatik, guztiontzako lekua egon dadin. Aparkalekua erabilgarri egongo da eta doako zerbitzua eskainiko da gainera.

Bestetik, Donostia eta Bidasoa ingurukoei topoa erabiltzeko gonbita luzatu nahi diegu. Euskotrenek maiztasunak areagotuko ditu saio aurretik eta ostean. Hementxe, ordutegiak:

  • 15:15etik 16:15era, Donostiatik Ficobara trenak 15 minutuero
  • 20:35etik 21:35era, Ficobatik Donostiara trenak 15 minutuero

Ordutegi horietatik kanpo, beti bezala, trenak 30 minutuero egongo dira.

 

Jarraitu saioa zuzenean

Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik, ETB4n eta www.eitb.eus atarian zuzeneko emankizuna jarraitzeko aukera izango da finalaurreko guztietan. Era berean, www.bertsoa.eus atarian ere entzun eta ikusi ahal izango da, baita, txapelketako zenbait hedabide laguntzaileren eskutik ere. Bertsoaldien bilduma biharamunean jarriko da www.bertsoa.eus atarian eta Hitzetik Hortzera telebista saioan ere eskainiko dira.