Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Transmisioaren katea, oholtzara

2025/12/20
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen transmisio proiektuan parte hartzen duten lagunek banatuko dituzte sariak Casillako oholtzan. Gaur izango da finala, 17:00etan.

Txapelketaren hasieran urrun zegoela zirudien arren, ohartu orduko heldu da abenduaren 20a, finalaren eguna. Arratsaldean jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilboko Casillan, 17:00etatik aurrera. Iluntzean helduko da sari banaketa ekitaldia, eta ohi bezala, hainbat lagun igoko dira oholtzara bertsolariei sariak ematera.

Abenduaren hasieran iragarri genuen Arantza Plaza Zamorak jantziko diola txapela Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari. Plazak urteetan jardun du ikastetxeetan bertsolaritza irakasten, LH5 eta LH6 mailetan gehien bat, hezkuntza arautuan.

Ikastetxeetan zaletzen diren gaztetxoak bat-bateko taldeetara joaten dira, gaztetxoen bertso eskoletara. Gernika-Lumoko Kultur Etxeko bat-bateko taldean ari da Lur Koto Urizar gaztea. Bera izango da sariak banatuko dituenetako bat.

Bat-bateko taldeetatik bertso eskoletara. Gazte zein helduen bertso eskolak daude Bizkaia osoan, eskualde guztietan. Bertso eskoletan, bertsotan egiteaz gain, ekosistema osoa elikatzeko beharretan aritzen da: gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak… eragile figura hartzen dute bertso eskoletako kideek. Horietako bat da Ibon Larrazabal Larra, Mungiako Taket bertso eskolako kidea. Bera izango da sari banaketa ekitaldian parte hartuko duen beste bat.

Eta kate horretan ezinbestekoa da aisialdia. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen ditu hiru bertso barnetegi: gazteentzako bat abenduan, otsailean negukoa eta ekainean udakoa. Horietako parte hartzailea izan da urteetan Adur Lopez Garcia Sopuertako gaztea. Bera izango da ordezkari modura oholtzara igoko dena.

Eta amaitzeko, plazaratzea, bertsotarako ezinbesteko lekua. Elkarteak urtero antolatzen du Eskolartekoa, baita, Bertsolari Gazteen BBK sariketa ere. Horietan kantatzeko aukera izaten dute gazteek. Eta horien ordezkari igoko da oholtzara Iradi Barrenetxea Akesolo Arratiako Bertso Eskolako kidea.

Horrela, katea osatzen da: ikastetxeetatik bat-bateko taldeetara, handik bertso eskoletara, tartean aisialdia eta plazaratzea sustatuz.

Amaitzeko, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean Alaitz Rekondo Ferrerok txapeldunordeari emango dio saria; eta txapeldunari aginte makila emango dio Belate Olabarria Astobiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

Eguneko argazkiak, sari

Sari emaileek sariak banatuko dituzte, jakina. Txapela eta aginte makilaz gain, txapeldunordeari Juan Luis Goenagaren artelana emango diote. Eta zortzi bertsolariek izango dute oroigarria. Aurtengoan argazkilaritzari egin gura izan dio keinua Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Izan ere, argazkilaritzak ere asko dauka bat-batekotik, momentua harrapatzearekin. Horregatik, saioan bertan ateratako argazkiak izango dira gaurko oroigarriak, eguneko argazkiak; Hibai Agorria argazkilariaren eskutik.

                Twitter Facebook Instagram