Arantza Plazak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren transmisioan egiten den beharrari egin gura izan dio gorazarrea. Hortxe egin baitu beharrik gehien Arantza Plaza Zamorak (Gizaburuaga, 1958): astero bertsolaritza irakatsi baitu herrietako ikastetxeetan, Mundu bat bertso programaren bitartez.
2004an hasi zen lehen eskoletan bertsolaritza irakasten Arantza eta 2022ra arte behar horretan aritu da. Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da.
Garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio bi hamarkada luzeetan. Hain zuzen, hainbat errealitate ezagutu ditu Arantzak: egoera soziolinguistiko desberdinak, eskola handi zein txikiak, hiriburua eta herriak... Kasu guztietan ederto moldatu da. Bere esanetan, bertsoak asko laguntzen du euskarara gerturatzeko; baita kantuak ere, umeekin konektatzeko altxorra delako.
Bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea eta zaletasuna piztea ez ezik, euskararekiko jarrera positiboa indartzea ere izan du helburu Arantzak. Euskara guztiak onak direla azpimarratzen zien ikasleei, euskalkiak, batua, aberatsak eta ez hain aberatsak: egiten dena da balio duena.
Hezkuntza arautuan soilik ez, Elkarteko beste proiektutan ere egin du bere ekarpena: Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio beharretan ibili da hamaika elkarrizketa eginez; tartean, Bizkaiko Bertsogintza IV liburuko dokumentazio beharretan.

Txapelketa ere gertutik bizi izan du Plazak. Bizkaiko Txapelketetan boluntario beharrak egin ditu, eta etxekoak eta lankideak ere izan ditu oholtza gainean. Laneko erretiroa hartu badu ere, oso lotuta jarraitzen du bertso munduari, eta esan beharra dago lankide, ikasle, eta elkarteko kideek asko maite dutela.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 20an izango da Bilboko Casillan. Hantxe ikusiko dugu Arantza txapeldunari txapela jazten.
