Mutiloako saioak emango dio jarraipena txapelketari
Larunbatean, urriak 11, Mutiloak jasoko du lehen faseko bigarren saioa, 17:30ean hasiko da. Sei bertsolari ariko dira kantuan, eta saioko irabazleak zuzenean eskuratuko du finalaurrekoetarako sailkapena. Gainerakoek, lehenengo fase osoa bukatu bitarte itxaron beharko dute. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurretik Interneten agortu ez badira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Mutiloako Udalaren laguntza izan du saioa antolatzeko garaian.
Arangurengo Kultur Etxean izango da saioa, larunbatean, urriak 11, 17:30ean. Han izango dira kantuan Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Idoia Granizo Uribarrena, Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia eta Sarai Robles Vitas. Iratxe Legarra Nuin ariko da gai-jartzaile lanetan. Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan egoteko txartela; zehazki, Leitzakoan. Beste bertsolariek, lehen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko.
Auritzeko eta Mutiloakoekin batera, Iruritako (urriak 18) eta Los Arcoseko (urriak 26) saioek osatuko dute lehen fasea. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik. Finalaurrekoren ostean, azaroaren 29an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalarekin. Sarrerak eskuragarri daude, online.
