Auritzen hasiko da larunbatean 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa
Dena prest da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa abiatzeko. Auritzen jokatuko da lehen faseko lehenengo saioa, larunbat honetan, 17:30ean hasita. Herri horretako Kultur Etxeak hartuko du txapelketako lehen saioa. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurretik Interneten agortu ez badira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Aurizko Udalaren laguntza izan du saioa antolatzeko garaian.
Patxi Buenok aurkeztuko du saioa, eta sei bertsolari izango dira oholtza gainean: Aitor Irastortza Arrizurieta, Egoitz Gorosterrazu Elilzagoien, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Saats Karasatorre Martinez eta Urko Gartzia Aleman. Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan egoteko txartela; zehazki, Agoizkoan. Beste bertsolariek, lehen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko. Izan ere, Aurizkoarekin batera, Mutiloako (urriak 11), Iruritako (urriak 18) eta Los Arcoseko (urriak 26) saioek osatuko dute lehen fasea. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik.
Finala, azaroaren 29an Iruñean
Bi hilabetez, egitasmoaren irudiak islatzen duen bezala, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orohar euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa.
Lehen faseko lau saio eta hiru finalaurrekoren ostean, azaroaren 29an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalarekin. Orduan izendatuko da 2025eko Nafarroako txapelduna.