Zortzi finalistak prest
Finalaren atarian elkartu ditugu zortzi finalistak Bilboko Casillan: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Gogotsu eta prest daudela kontatu digute eta saio ederra izango dela aurreikusten dutela. Eurekin batera egon da Arantza Plaza txapel jartzailea ere, eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak gidatu du prentsaurrekoa.
Hasteko, eskerrak emateko tartea hartu du Belate Olabarriak. Txapelketa behar handiaren emaitza dela azaldu du eta, horren atzean, jende asko dagoela. Horregatik, eskerrak eman gura izan dizkie txapelketan beharrean ibili diren guztiei, banan-banan: bertsolariei, Talde Antolatzaileko kideei, Komunikazio Taldeko kideei, gai-jartzaile taldeari, epaile taldeari, bertso eskolei, eta borondatezko beharrean astez aste ibili diren guztiei. Baita ere, zelan ez, astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiei ere, eurak barik ezingo litzatekelako Txapelketarik egin.
Arantza Plazak aitortu du bulkata bat sentitu zuela txapela jartzea proposatutakoan, eta segituan eman zuela baiezkoa. Horretaz gain, txapela jartzea "ohorea" dela azpimarratu du, eta "opari ederra" izan dela aitortu du.
Finalistek egin dute berba gero. Lehenengoz kantatuko dutenek zein beteranoek, denek azaldu dute finalerako gogotsu daudela eta final ederraren atarian gaudela gaineratu dute.
Protagonista horiez gain, Idoia Anzorandia Kareaga eta Igor Menika Bengoetxea ariko dira gai-jartzaile beharretan zapatuan. Epaileak, ostera, hurrengoak izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Garazi Mendoza Agirre, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Marta Ortiz Mateo, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga eta Itxaro Juaristi Olaetxea arituko dira.
Sarreren salmenta
Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai. Zapatuan sarrerarik geratuko balitz, txarteldegia zabalduko dugu arratsaldeko 15:30ean.
Finalerako oharrak
Prentsaurrekoan bertan, hainbat ohar eman dira:
- Casillara nola heldu:
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak finalera garraio publikoan joateko gomendioa luzatu nahi du:
Casillara heltzeko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili behar dira. Bilboko Metroan joanez gero, Indautxuko geltokian jaitsi behar da, eta Areiltza Doktorearen atetik irten.
Bestalde, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.
- Ateen irekiera:
Casillako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sasoiz joateko gomendioa egin gura die bertsozaleei, jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.
- Umeen gunea:
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean zaintza gunea ipini du Bizkaiko Bertsozale Elkartean, Casillan. Bertso saioak irauten duen artean egongo da gunea zabalik, hezitzaileek zainduta. Umeek zein gurasoek egon ahalko dute bertan, eta zerbitzua doakoa izango da.
Hemen, oharrak:
• 6 urtetik aurrerako umeek finalerako sarrera erosi beharko dute.
• 3 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta egon beharko dira gunean.
• Umeek gura badute, tarteka saiora joan ahalko dira euren guraso edo arduradunek lagunduta.
• Umea gustura ez badago guraso edo arduradunei deituko zaie bila joateko; beraz, gurasoek edo arduradunek mugikorrera adi egon beharko dute.
Izena emateko lotura honetako formularioa bete behar da.
