Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Dena prest txapelketarako

2025/09/13
Irailaren 28an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Urdulizen eta, motorrak berotzen hasteko, parte hartzaileak batu ditugu gaur Zornotzan.

Bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak zein talde antolatzaileko kideak. Denak elkartu gara gaur Zornotzan txapelketaren aurkezpenean. Urdulizen hasiko da hilaren 28an, eta asteburuz asteburu jokatuko da abenduaren 20an finala jokatu arte. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

Idoia Anzorandiak gidatu du gaurko ekitaldia. Aurkezpen txikiaren ostean, aurtengo Bizkaiko eskolartekoan buruz-burukoa jokatu duten Enara Gallastegi eta Ekhi Zuluaga bertsolariek kantatu dute.

Talde Antolatzailearen izenean hartu du mikrofonoa Asier Galarzak. Txapelketa serioa omen da, baina, barrez lehertzen jarri ditu bertaratutakoak, bere bakarrizketarekin. Besteak beste, bertsolaritzaren eta bakarrizketen arteko loturez aritu da; baita, musikariez ere: orain estadioak betetzen dituztela aipatu du, baina gu izan ginela "aitzindariak".

Txapelketan doinu asko entzuten ditugu, baina bada bat saioro errepikatzen dena: txapelketako sintonia. Gaurko ekitaldian aurkeztu dugu, eta modu berezian gainera: Arratiako eta Zornotzako bertso eskoletako gazteek egin dute dantza sintoniaren doinura: Ihintza Arroyok, Iraia Lauzirikak, Libe Arauzok eta Maddi Aurtenetxek.

Txapelketako parte hartzaile guztien argazkiarekin amaitu da ekitaldia. Dena dago prest bi aste barru ekitaldi handia hasteko.

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eguna

Txapelketaren aurkezpenaz gain, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eguna ere ospatu dugu gaur Zonortzan. 12:00etan hasi da bertso poteoa, eta hurrengo bertsolariak aritu dira kantuan: Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Paule Loizaga eta Xabat Galletebeitia.

Txapelketaren aurkezpenaren ostean, bertso bazkaria egongo da, Eneko Abasolo 'Abarkas' eta Igor Elortzarekin.

                Twitter Facebook Instagram