Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Amurrion jokatuko da bigarren itzuliko lehen saioa

2022/11/16
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa Amurrion izango da larunbatean, 17:00etatik aurrera. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta leihatilan egunean bertan.

Lehen itzuliko lau finalaurrekoak jokatu dira eta larunbatean hasiko da Amurrion bigarren itzulia. Agin Laburu RezolaAitor Bizkarra Ruiz, Alaia Martin EtxebesteMiren Artetxe SarasolaOihana Iguaran Barandiaran eta Onintza Enbeita Maguregi igoko dira oholtzara Bañueta kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Gai-emaile lanetan Beñat Vidal Gurrutxaga arituko da.

Saiorako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Amurrion bertan 15:00etan irekiko da leihatila; kiroldegiko ateak, berriz, 15:45ean.

Fase honetan ere, egin beharreko lanak aldatuko zaizkie bertsolariei:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
  • Biana, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
  • Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian; eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Fasea aldatu denez, epaile lanetan ariko direnak ere bai. Hurrengoak izango dira: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Larunbatean idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga ariko dira.

Amurrioko saioaren ostean beste bi finalaurreko geratzen dira: Baionan jokatuko da bat azaroaren 26an eta bestea Bilbon abenduaren 3an. Lehen itzulian lortutako puntuak eta bigarren itzulian lortutakoak metatu egingo dira finalerako sailkapenerako. Horrela, bi itzulitan puntu gehien biltzen dituzten zazpi bertsolariek kantatuko dute abenduaren 18an jokatuko den finalean Maialen Lujanbiorekin batera. 

 

Amurrioko saioa ETB1en, larunbat gauean

Finalaurreko guztiak zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik. Horrez gain, txapelketako hedabide laguntzaileek ere jarraituko dute saioa, astero bezala. Igandean bertsoaldien bilduma argitaratuko da bertsoa.eus atarian, eta Hitzetik Hortzera telebista saioa ere eskainiko da, 15:00etan, ETB1en.

Azkenik, berrikuntza gisa, larunbatean bertan ETB1ek bigarren itzuliko finalaurrekoak eskainiko ditu gauean. Azaroaren 19an 23:00etatik aurrera izango da emankizuna; azaroaren 26an eta abenduaren 3an, berriz, 21:00etatik aurrera.