Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Alaia Martin zuzenean sailkatu da bigarren itzulirako

2022/10/22
Elizondon abiatu dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak. 1.400 bertsozale bildu dira Baztan pilotalekuan saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Lehen fasea bukatuta, finalaurrekoen faseari ekin dio gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiak. 1.400 lagun batu dira Baztan pilotalekuan; gainera, hainbat bertsozalek jarraitu ahal izan dute saioa etxetik EITB-k eta Bertsozale Elkarteak lankidetzan eskainitako zuzeneko emankizunari esker.

17:00etan hasi da saioa. Amaia Castorene Luro gai-emailea aurretik zutela sartu dira sei bertsolariak: Unai Agirre Goia, Joanes Illarregi MarzolIñaki Apalategi Astigarraga, Agin Laburu RezolaAlaia Martin Etxebeste eta Onintza Enbeita Maguregi.

Ariketa guztiak egin ondoren, Alaia Martin izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria; bigarren itzulirako baliagarriak diren 729,5 puntu batu ditu. Jarraian geratu dira Joanes Illarregi 711 punturekin, Agin Laburu 677 punturekin, Unai Agirre 652,5 punturekin, Onintza Enbeita 639,5 eta Iñaki Apalategi 623 punturekin. Gaurko saioa irabazita, Alaia Martinek zuzenean lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. Beste bost bertsolariek hurrengo saioen zain geratu beharko dute aurrera egingo duten ala ez jakiteko.

Fase honetan epaimahaia osatuko dutenak hurrengoak dira: Ainhoa Arregi ElosuaBakarne Urreaga EtxeberriaEkaitz Elorriaga AnduagaEneritz Azkue BasurkoJoseba Beltza BengoetxeaJoseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.

Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin dira aurreko fasetik. Lehen bezala, binaka aritu dira zortziko handian eta txikian lehenengo. Gero, berriz, puntuka egin dute zortzi bertso osatu arte eta seiko motzean hiruna bertso bota dituzte ostean. Azkenean, ganbarako lana egin du seikoteak: “Eskua hartu dizu. Indartsuago sentitu zara”.

Hurrengo finalaurrekoa, Donibane Garazin

Urriaren 29an izango da hurrengo finalaurrekoa, hurrengo larunbatean, Donibane Garazin. Bertan kantatuko dute Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak, Amets Arzallus Antiak, Asier Azpiroz Iztuetak, Haritz Mujika Lasak, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Saioa 17:00etan hasiko da Jai Alain.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.