Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Abian da XILABA 2020 Bertsulari Txapelketa

2020/08/27
Irailaren 19an Hiriburuko La Perle aretoan hasiko da 2020. urteko Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Txapelketa. Azaroaren 21ean, Donibane Lohizuneko Jai Alai ezker paretan jokatuko da finala.

Gaur aurkeztu dugu Xilaba Xapelketa Baionako Elkar liburu-dendan. Bertan izan dira Xumai Murua Berra, Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakaria; Ortzi Idoate, Bertsularien Lagunak Elkarteko Sustapen arduraduna; Xilabako antolatzaile taldeko hainbat kide; eta parte-hartzaileen ordezkariak.

Bertsularitzaren eta elkartearen erradiografia egin da aurkezpenean. Azpimarratutakoak? parte-hartzaile kopurua, gazte gehiago, neska gehiago eta bueltan diren bertsulariak. Salto bat eman dugu, eskolartekoan ikusi zen bezala, agertuz, bietan ahal izateak garbi agertzen duela lanaren fruituak biltzen ari girela, eta pentsatzen dugu ez dela kasualitatea. Euskal Herriko Txapelketa ere hor berean dela gogoratu da, eta osasun egoera ahanzten ez badugu ere, bertsolaritzak eta euskalgintzak, oro har, begiak etorkizunera jarriak behar dituela erranaz hasi da aurkezpena.

Ondoren, Irudia zertan oinarritua den eta zein ideiari erantzuten dion aurkeztu dute. Askoren ekarpena laburbiltzen duen sar hitzaren aipamena egin da, jendea irakurtzera gonbidatuz. Liburuxka aurkezteko aitzakia izan da.

Ondotik, parte-hartzaileak eta saio guziak aurkeztu ditugu. Saio kopuru handiaren arrazoinak aipatu dira, gehiago egin zitezkeela azalduz. Bestalde leku berrietara iritsi garela ere zehaztu da, Ipar Euskal Herri guziak merezi baitu bertsuaren haizea sentitzea: Hiriburu, Ainhoa, Larzabale, Bokale, Sohüta, Izpura (EH kanporaketa bat izan zen han) eta Bardoze herrietan ere izango da 2020ko Xilaba. Finala, berriz, Donibane Lohizunen egitearen arrazoina agertu da: aldaketa maila guzietan egiteagatik.

Sintonia Xutik taldeak sortutakoa da, eta 2010, 2012, 2014 eta 2016. urteetan erabilitako bera izanen da; irudia Lankuk egindakoa da.

COVID-19 dela eta, neurriak hartu eta indarrean izanen diren arauak beteko dira. Jendeari maskarekin eta usaian baino goizago etortzeko eskatu zaio.

Sarreren eta salmenta lekuen inguruko informazioa eta bestelako xehetasunak webgunean atzemanen dira: www.bertsozale.eus/xilaba

Harremanak: Bertsularien Lagunak elkartea, Tlf : 05 59 54 15  04

Emailak:  bertsularien-lagunak@wanadoo.fr - bertsularien-lagunak@bertsozale.eus

afixa