Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Faseak eta sailkatzea

Lau sailkapen fasetan banatuko da XILABA Xapelketa: kanporaketak, final herenak, final aitzinak eta finala.

Kanporaketak

Lau (4) kanporaketa egingo dira. Hogeita lau bertsulari lehiatuko dira fase honetan. Sei (6) bertsulari arituko dira saio bakoitzean. Fase honetan, XILABA 5. xapelketako lau (4) lehenek (Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Odei Barroso eta Miren Artetxe) ez dute parte hartuko.

Saioak horrela antolatu dira: zozketa bat egin da fase honetan parte hartuko duten hogeita lau (24) bertsulariekin, ikusteko bakoitzak zein kanporaketetan kantatuko duen. Horrela, taldeak osatuta gelditu dira. Hurrengo fasera hamabost (15) bertsulari pasako dira. 

Lehen kanporaketa saioa irailaren 19an, Hiriburuko La Perle gelan izanen da; bigarrena, irailaren 26an Muskildiko herriko gelan; hirugarrena, urriaren 3an Ainhoan; eta laugarren eta azkena, urriaren 10ean Larzabaleko herriko gelan.

Final hereneko saioak

Hiru (3) final hereneko saio egingo dira. Hemezortzi (18) bertsulari lehiatuko dira fase honetan:  XILABA 5. xapelketako hiru (3) sailkatuak ( Maddalen Arzallus, Odei Barroso, eta Miren Artetxe), kanporaketa bakoitzeko lehena eta kanporaketa saioetatik puntuazio altuena lortzen duten hamaika (11). Zozketan erabaki da zuzenean sartzen diren hiru (3) bertsularik non kantatuko duten. Beste hamabostak arautegiak erraten duen arabera kokatuko dira. Hurrengo fasera hamaika (11) bertsulari pasako dira.

Urriaren 17an Bokalen, urriaren 24an Sohütan eta urriaren 31n Izturitzen iraganen dira.

Final aitzineko fasea

Bi (2) final aitzin egingo dira. Hamabi (12) bertsulari lehiatuko dira fase honetan: XILABA 5. xapelketako lehen sailkatua (Amets Arzallus Antia), final heren bakoitzetik lehena eta final herenetako saioetatik puntuazio altuena lortzen duten zortzi (8). Ametsek lehen saioan kantatuko du, eta beste 11 bertsulariak arautegiak erraten duen arabera kokatuko dira. Saio bakoitzeko lehena zuzenean finalera pasako da, eta hauekin batera bi saioak kontuan hartuta puntuazio altuena lortzen duten beste lau (4) bertsulari.

Azaroaren 7an Izpuran eta azaroaren 11n Bardozen iraganen dira.

Finala

Finalaurreko fasetik sailkatuko diren sei (6) bertsularirekin jokatuko da.

Sei (6) bertsulariekin emanen zaio hasiera jardunari. Puntu gehien metatu duten bi (2) bertsulariek buruz burukoa jokatu ondoren, final osoko baturak erabakiko du nor den xapelduna.

Donibane Lohizuneko Jai Alai ezker paretean iraganen da.