Julio Sotok irabazi du Leitzako saioa, eta hura ere sailkatu da finalera
Leitzako kiroldegian jokatu da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapeletako bigarren finalaurrekoa, 350 bat lagunen aurrean. Han, zozketak erabakitako ordenean, kantuan aritu dira ondorengo sei bertsolariak: Julio Soto Ezkurdia, Patxi Castillo Graciarena, Mikel Lasarte Cia, Jabi Lezaun Landa, Sarai Robles Vitas eta Kattin Madariaga Apaolaza. Horien denen artean, Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (526.5), eta hortaz, pasa den astean Eneko Lazkozek egin bezala, azaroaren 29ko Iruñeko finalerako sailkapen zuzena lortu du. Iratxe Legarra aritu da gai-jartzaile lanetan; epaile, aldiz, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena aritu dira. Hau izan da, zehazki, saioak utzi duen sailkapena:
1. Julio Soto Ezkurdia (526.5)
2. Sarai Robles Vitas (494.0)
3. Mikel Lasarte Cia (454.5)
4. Kattin Madariaga Apaolaza (451,5)
5. Patxi Castillo Graciarena (422.5)
6. Jabi Lezaun Landa (418,0)
Horrenbestez, finalaurreko bakarra gelditzen zaio txapelketari, hain zuzen ere heldu den igandean, azaroak 16, Tafallan jokatuko dena. Hango pilotalekuan ariko dira kantari Amaia Elizagoien Varela, Ekain Alegre Gil, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Alzuri, Xabat Illarregi Marzol eta Xabi Maia Etxeberria. Orduan jakingo da zeintzuk diren zortzi finalistak. Une honetan, horrela dago finalaurrekoetako sailkapena. Gogoratu finalerako sarrerak salgai daudela dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.
