Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Eneko Lazkozek irabazi du Agoitzeko saioa eta finalerako sailkatu da

2025/11/01
Azaroaren 29an Iruñeko Nafarroa Arenan izango den finalerako sailkatu da gaurko irabazlea. Agoizko Kultur Etxean jokatu da aurtengo txapelketako lehen finalaurrekoa, 190 lagunen aurrean.

Agoitzen jokatu da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, Kultur Etxean bildu diren 190 entzule ingururen aurrean. Sei bertsolari aritu dira bertan kantuan, zozketak erabakitako ordenean: Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Eki Mateorena Zozaia, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Endika Legarra Nuin, Julen Zelaieta Iriarte. Zigor Gartzia "Zian" aritu da gai-jartzaile lanetan, eta epaile, berriz, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa, Agoizko Udalarekin elkarlanean.


Saioko ariketa puntuagarri guztiak eginda, Eneko Lazkozek eskuratu du puntu gehien (508,5), eta horrenbestez, saioa irabazi eta azaroaren 29an Iruñean jokatuko den finalerako sailkatu da. Haren atzetik gelditu dira Saioa Alkaiza Guallar (496,0), Ekhiñe Zapiain Arlegi (494,0), Eki Mateorena Zozaia (488,5), Julen Zelaieta Iriarte (458,5) eta Endika Legarra Nuin (441,0). Hau izan da beraz gaurko saioak utzi duen sailkapena:

1. Eneko Lazkoz Martinez (508,5)
2. Saioa Alkaiza Guallar (496,0)
3. Ekhiñe Zapiain Arlegi (494,0)
4. Eki Mateorena Zozaia (488,5)
5. Julen Zelaieta Iriarte (458,5)
6. Endika Legarra Nuin (441,0)

Heldu den larunbatean jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Leitzan. Hirugarrena eta azkena, aldiz, azaroaren 16an izango da, Tafallan. Bietarako zein finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Eneko Lazkoz, gaurko irabazlea.