Erabaki da finaleko zortzikotea
Txapelketak zeharkatu ditu Nafarroako lur berde, hori eta gorriak; eta azken geltokia baino ez zaio falta: finala. Orain artekoak jokatuta, argitu da zortzi finalisten zerrenda. Finala azaroaren 29an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan, arratsaldeko 17:00etan hasita.
Agoizko, Leitzako eta Tafallako finalaurrekoak jokatuta, erabaki da finaleko zortzikotea. Saio bakoitzeko hiru irabazleei (Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Joanes Illarregi) puntuazioaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie. Hauek arituko dira kantuan Nafarroa Arenan;
1. Joanes Illarregi Marzol
2. Julio Soto Ezkurdia
3. Xabat Illarregi Marzol
4. Eneko Lazkoz Martinez
5. Saioa Alkaiza Guallar
6. Ekhiñe Zapiain Arlegi
7. Sarai Robles Vitas
8. Eki Mateorena Zozaia
Lehen aldia da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan jokatuko dena. Ainhoa Larretxea Agirrek eta Ander Aranburu Arriolak jarritako gaiei kantatu beharko diete bertsolariek ondorengo ariketetan:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
- Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Buruz-burukoa (9 bertso puntuagarri)
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean
Ganbarako lana
- Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Ariketa horiek guztiak egin ostean, epaileen puntuazioak jasota, jakingo da nor den 2025ko Nafarroako txapelduna. Hitzordua ez galtzeko, sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus helbidean.
