Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Sarrerei buruzko ohiko galdera-erantzunak

Sarrerak_Gari Garaialde

 

Sarrerak

- Eskudirutan erosi nahi ditut sarrerak. Badaukat aukerarik?

Bai: finalekoak Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan izango dira salgai ekainaren 23tik 30era, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Gainerako saioetakoak, baldin eta lehenago bukatzen ez badira, irailetik aurrera jarriko dira tokian tokiko aretoetako leihatiletan; zehaztuko da aurrerago ordutegia.

- Ez naiz Internetez sarrera erosten moldatzen. Zer egin dezaket?

Jarri harremanetan hurbilen duzun Bertsozale Elkartearekin eta lagunduko dizugu.

- Zenbat sarrera eros ditzaket erosketa bakarrean?

www.bertsosarrerak.eus atarian sarrera mota bakoitzeko sei sarrera erosi ahal izango dira. Halaber, Nafarroako Bertsozale Elkartean finalerako sarrerei begira jarriko den leihatila zerbitzuan, erosketa bakoitzeko sei sarrera eskuratu ahal izango dira.

- Sarrera erosi dut baina ezusteko bat gertatu eta ezingo dut saiora joan. Itzul dezaket?

Ez: ez da sarrera itzulketarik onartuko, ezta aldaketarik ere.

- Nork eskura dezake gazteen sarrera?

Txapelketak irauten duen bitartean adin batetik bestera igaro gaitezkeenez eta gaizki ulertuak saihesteko, gazteen sarrera 2004tik aurrera jaiotakoek baliatu ahal izango dute, urte honetakoak barne.

- Nire alabak sei urte ditu. Sarrera erosiko diot?

Aulki bat beteko badu, bai.

- Bazkidea naiz baina nire laguna ez. Eros dezaket bere sarrera ere?

Bai: erosketa bakarrean erosi ahal izango dituzue sarrerak, baina bat bazkide prezioan eta ez-bazkide prezioan bestea (bertsosarrerak.eus atarian “arrunta” izenarekin). Gainera, ekainaren 23tik aurrera erosi ahal izango dituzue bai mota bateko zein besteko sarrerak.

- Txapelketan edo lehenago bazkide egiten banaiz, bazkideen abantailak izango ditut?

Bai: behin bazkidetza orria bete eta zenbakia edukita, bazkideen abantailak jasoko dituzu; tartean, sarreretan. Egin zaitez bazkide!

 

Finala

- Bazkidea naiz. Ekainaren 30era arte finalerako sarrera gordeta/erreserbatuta daukadala esan zait. Zer esan nahi du horrek?

Ekainaren 30era bitarte bazkideek norbere sarrera ziurtatuta izango duzue; hau da, finalerako sarrerak bukatuko balira salmenta orokorrean, bazkideek norbere sarrera eskuratzeko aukera izango zenukete oraindik ere. Gordetako sarrera hori lortzeko, ordea, ohiko moduan erosketa egin behar duzu bertsosarrerak.eus atarian bazkidetza datuak emanda. Behin ekainaren 30a pasata ez baduzu sarrera eskuratu, gainerako sarrerekin batera jarriko da salgai zuri ordura arte gorde zaizun hori ere.

- Bazkidea naiz, baina ekainean ezin izan dut finalerako sarrera erosi eta uztailean erosiko dut. Bazkide prezioan erosi ahal izango dut sarrera, gordea izan dudan epe hori pasa bada ere?

Bai: bazkideek sarrera edonoiz erosita ere, beti eskuratu ahal izango duzue sarrera dagokizuen bazkide prezioan.

- Nire lagunak harmailan hartu du sarrera eta pistan hartu dut nik. Elkarrekin ikus dezakegu saioa?

Ez: sarrera mota bakoitzak bere sarbidea du, eta behin barrura sartuta ez da batekoak eta bestekoak elkartzeko modurik izango. Izan kontuan, beraz, sarrera erostean, itzulketarik eta aldaketarik onartuko ez denez gero.

- Gurpildun aulkian joango naiz finalera. Edozein sarrera mota har dezaket?

Bai: hala ere, finalera nahiz beste saioetara gurpildun aulkian etorriko bazara, sarrera erosi ondoren idatzi txapelketanagusia@bertsozale.eus posta elektronikora, saiora sartzeko jarraibideak emateko. Mugikortasunari lotutako antzerako oharrak ere bertan jasoko dira.

 

Bestelakoak

- Aurreko urteetan haurtzaindegi zerbitzua eskaini izan da Bertsolari Txapelketa Nagusietako finaletan. Oraingoan ere bai?

Aztertzeko daukagu espazio hori izango den eta nolakoa izango ote den. Jakinaraziko dugu aurrerago.

- Izango da finalean autobus zerbitzurik? Otordurik?

Hemen duzu informazioa.