Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zurrun

2022/10/27
"Gogoan dut euskaraz ulertzen ez duen Kolonbiako lagun batek bertsotan lehen aldiz entzun ninduenean galdetu zidana: Zergatik jartzen zarete hain tente? Zergatik gorputza hain zurrun?". Maider Arregi Markuletak egin du aste honetako adituen analisia ataleko gogoeta.

Ez dut ez diskurtsoaren, ez teknikaren analisirik egingo. Bertsolarien gorpuzkera zurrunaz idatziko dut; eskuak atzean edo poltsikoan gordetzen dituzten bertsolarien gorpuzkera tente higiezinaz. Nahiz eta Ez Da Kasualitatea moduko bertso-saio musikatuetan, zein bestelako poteo/otordu informaletan gorpuzkera malguagoak ageri diren, txapelketak harrizko bihurtzen gaituela hartuko dut aitzakia gisa, aspalditik buruan daukadan gaiaz idazteko.

Gogoan dut euskaraz ulertzen ez duen Kolonbiako lagun batek bertsotan lehen aldiz entzun ninduenean galdetu zidana: Zergatik jartzen zarete hain tente? Zergatik gorputza hain zurrun? Martxa militar batera zoaztela dirudi. Derrigorrezkoa da horrela kantatzea? Horrek ere puntuatzen du? Bada, ez dakit. Horrela da, horrela izan da beti eta listo, ez?

Oier Araolazak (2018) euskal dantzarien gorpuzkera ikertu du bere tesian. Bertan, aztertu du nola definitu zuen Sabino Araneren euskal nazionalismoak euskaldunen gorputza (espainolen gorputzaren kontraposizioan): moral kristauari lotuta, dezente eta kastako moduan, tente eta zurrun. Horregatik, euskal dantzak ere horrela eraiki ziren: gorputzen arteko kontakturik gabe, sentsualitaterik gabe; hankak arin mugituz baina gorputzaren enborra geldi. Espainiar moduan kalifikatzen zuten agarratuaren aldean, euskaldunen dantza garbia zen, tentea eta purua.

Uxue Alberdik (2014) idatzi zuen bertsolariaren gorputz zurrunak emozioak kontrolatzen laguntzen duela. Arnasa, dardara, izerdia eta mugimendua arriskutsuak direla bertsolarientzat eta, horiek ezkutatzeko,  zurruntasunarena dela, besteak beste, bertsolariak landu behar duen gorputz-teknika. Txapelketa honi begira oroitu naiz Alberdik idatzirikoaz, adibidez, saioen amaieran, puntuazioak irakurtzerakoan, bertsolariak ikusita: batzuk egongo dira pozik, beste batzuk amorruz, agian, triste... Eta, hala ere, gehienek tente eusten diote senti dezaketen edozein emoziori.

Paul Beatriz Preciadok (2013) erakutsi zigun komunek generoa sortzeko daukaten gaitasuna eta, bere esanetan, postura zurrun eta bertikalak maskulinitatearekin dauka zerikusia. Horregatik, ez da kasualitatea gizon cisek zutik pixa egitea, postura horrek gizontasun hegemonikoa indartzen duelako. Bestalde, komunen arkitekturak (paretako pixalekuak, esaterako) bultzatzen ditu gizon cisak horrela pixa egitera. Hortaz, objektu batek (pixalekuak) laguntzen du gizonen gorpuzkera bertikala eta maskulinoa izan dadin. 

Gurean, ba al dago bertsolarien gorpuzkera zurrunari laguntzen dion objekturik? Esango nuke baietz, adibidez, mikrofonoaren hanka. Txapelketan, mikrofonoak hanka bertikal bati lotuta egoten dira, elkarrengandik metro batera edo. Horrek eramaten ditu bertsolariak zutik eta geldi kantatzera edo bertso-kideekin kontaktu fisikorik ez izatera, adibidez. Saio informalagoetan (poteoak, bazkariak, afariak, etab.) mikrofonoak manualak izaten dira (ez dira hanka bertikal bati lotuak egoten) eta  horrek eragiten du bertsolarien gorpuzkera ere ez izatea hain zurruna, bertikala eta bakartua.

"Interesgarria da aztertzea arrazoimenarekin guztiz lotutako ariketetan gorputzek zein forma hartzen duten eta galdetzea: zergatik da gelditasuna arrazoimenarekin lotutako gorputzen ezaugarria?"

Galdetuko duzue: "Zertara dator hau?". Arrazoimena/gorputza dikotomia indartzetik urrun, “Gorputzari gehiago begiratu behar genioke” diotenei erantzunez, edo “Bertsolarientzat gorputza bigarren mailako elementua da, buruan jarri behar dute arreta” diotenei zuzenduta, argitu nahi dut  bertsolaria bai zentratzen dela gorputzean. Uste dut kontzienteki edo inkontzienteki, bertso-eskoletan lanketa handia egiten dela gorpuzkera zurruna performatzera iristeko eta emozioak kontrolatzen ikasteko. Interesgarria da aztertzea arrazoimenarekin guztiz lotutako ariketetan (adibidez, bertsolaritzan) gorputzek zein forma hartzen duten eta galdetzea: zergatik da gelditasuna arrazoimenarekin lotutako gorputzen ezaugarria? Interesatzen zaigu hori aldatzea? Zein genero/klase/arraza-identitateri egiten dio onura gorpuzkera horrek?

Agian norbaitek interpretatuko du bertsolariak dantzan jartzearen alde ari naizela idazten; zurruntasunaren kontra ari naizela. Eta ez da hori kasua. Besteak beste, ni neu oso urduri jarriko nintzatekeelako tentetasunetik kanpo. Ordea, Bertsolari Txapelketaren bueltan, diskurtsoaz eta teknikaz eguraldiaz baino gehiago hitz egiten den honetan, ez dago soberan gorputzez oroitzea, hor baitaude eta zerbaitegatik baitaude dauden moduan, geldi daudenean ere.

 

Bibliografia

  • Alberdi, U. (2014). Gorputzak, gorpuzkerak eta gorputzaldiak bertsolaritzan. In Lasarte, G. eta Alvarez, A. (arg.). Gorputza eta generoa: Teoria didaktika eta esperientziak (145-163). Bilbo: UEU 
  • Araolaza, O. (2018). El último “aurresku”. Género, danza y nacionalismo vasco a comienzos del siglo XX. Pasado y memoria: Revista de historia contemporánea, 17 (235-257).
  • Preciado, P. B. (2013). Generoa eta zaborra. Pixa egin/ kaka egin. Maskulinoa/femeninoa. In Castillo, I. eta Retolaza, I. (arg.). Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak (111-119). Donostia: Edo.