Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

"Kontzientziazioa proposamen zehatzekin uztartzen ari gara, aliatuekin elkarlanean"

2022/11/17
Euskal kulturako sortzaileen lan baldintza duinen alde lan egiteko sortu da LANARTEA, Euskararen Langile Profesionalen Elkartea. Elkarteko koordinatzailea da Amagoia Gurrutxaga Uranga.

Noiz eta nolatan sortu zen LANARTEA?

Orain lau urte. Lana eginagatik ere logelaren errenta ordaindu ezinean zebilen idazle-itzultzaile baten egoerak mugiarazi zituen hainbat sortzaile autonomo. Egile haren eskasiak ikusarazi zien euren egoera ere ez zela zeharo diferentea, eta antolatzen hasi ziren: diziplinakako diagnosiak eta batzarrak egin zituzten; LANARTEA elkartea erregistratu zuten 2020an; koordinatzaile bat –ni neu– hautatu zuten iaz elkartearen lanak bideratzeko; eta hamaika kultur eragile, erakunde eta banakorekin lanean ari dira ordutik.

Arlo ezberdinetako kultur sortzaileak elkartzen dira LANARTEAn. Oinarrian kezka beretsuak dituzte?

Bertsolari, idazle, itzultzaile, aktore, kantari, ilustratzaile... euskararen langile guztiek harritzar handi bera dute buruaren gainean. Autonomoek, bereziki. Ez maila sinbolikoan, eguneroko ekonomian baizik. Harri horrek ekarri du LANARTEAren sorrera, eta lau ertz ditu: euskararen subordinazioa; ekonomia eta ogasun sistema autonomikoen anabasa eta ezjakina; kontratu onartezinak onartu behar izatea industria pribatuan zein erakunde publikoetan; eta, euskalgintza, herrigintza eta kulturgintza kontzeptuen azpian hainbatetan dagoen abusua.

Egun zein dira erronka nagusiak?

Asko dira fronteak, baina ildo hauetan ari gara oraintxe lanean: euskarazko kulturaren ikusgarritasuna eta prestigioa handitzeko bideak jorratu –kuotak ezarriz, esaterako–; praktika onen gidak landu; sektoreko langileentzako –izan autonomo zein ez– zerga sistema arrazional eta bateratua ondu; lan erregimenari buruzko gogoeta sustatu; formakuntza eskaini... Oraingo eta geroko kulturgileei lan baldintza duinak eskaintzea da helburua, eta, horretarako, egoera azaltzen ari gara han-hemengo administrazioei eta gizarte osoari. Horri begira egin dugu, esaterako, Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala.

Kontzientziazioa proposamen zehatzekin uztartzen ari gara, sektoreko eta sektoretik kanpoko aliatuekin elkarlanean. Indar gehiago egin ahal izateko, ahalik eta bazkide eta babesle gehien lortzea ere helburu dugu.

Euskal kulturaren lurraldea administrazio ezberdinen pean dago. Horrek zaildu egiten du beren-beregi egokitutako trataera fiskala lortzea?

Jakina. Zeinek bere arau fiskalak ditu Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta Ipar Euskal Herriko kulturgileen araudia Frantziak ezarria da. Eusko Jaurlaritzak esana digu: “Ez dago gure esku, ogasunen eskumena da”. Horretan ari gara, bada: bakoitza bere aldetik eta bere ezezagutzarekin ari diren ogasunentzako proposamen bateratu bat lantzen.

Sortzaileen baldintza desegokien atzean kulturari beste zenbait sektoreri adina balio ez ematea dagoela uler dezakegu?

Horixe da lehena. Herriaren ordezkari politiko eta eragile sozialen diskurtsoan inork ez du kulturan sinesten. Hau, hori eta hura dira lehentasunak, herria herri egiten duten hizkuntza eta kultura ez beste guztiak lehenesten dituzte gure administratzaileek kulturaren izenean. Autogobernuaz, bizikidetzaz, eta, oroz lehen, diruaz ari dira, euskaratik abiaturik sortzen dugun kultura beren egitekotik kanpora balego bezala. Kultur industriaz mintzo zaizkigu gero eta gehiago, euskaldunona kultura subordinatua ez balitz bezala. Bada, baina, eta badakigu kultur subordinazioa ezin dela gainditu merkatuaren lege hutsez.