Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

"Iduri zait gure euskal uharteak sortzen eta mantentzen ditugula"

2022/09/28
1972an egin zen Gotaine-Irabarneko gela berrian lehen kantaldia: "Caudilloa bizi haraindian, hemen oholtzan gazte mukizu batzuk xaramelan: Etxamendi Larralde, Pantxoa eta Peio, Guk taldea, Oskarbi, Etxahun Iruri bera koblakan eta txirulan... Eta haur bat lehen lerroan, haien ziliportak gaiditzen banan banan!" Orduan 9 urte zituen haur hura ari da, gaur egun, Xiru jaialdia antolatzen: Mixel Etxekopar, txistulari eta euskara irakaslea. Gela berean jokatuko da Txapelketa Nagusiko saioa larunbatean.

Udaberrian egin zenuten Xiru jaialdiaren 32. edizioa. Zer eskaini zuen Xiruk hiru egunez?

Musika eta sorkuntza Zuberoan. Urtez urte gurea eta sortzen dugunaren arteko zubi izan nahia, zaharrean berria bilatzen eta berrian betikoa edireiten. Aurten, COVID ondoko, aurreko martxa berpiztu nahian izan gara.

Gotaine-Irabarnen hartzen du lur Xiruk. Herri txikian lan handiak.

Xiru jaialdia. Amaren Alabak

Kantaldien garraren ondorioa izan zen Xiru, udaberria datorren bezala badakigu hor dugula. Utopia zen gure biotopoaren aldatzea, euskalduntzea (pixkat bat), euskaltzaletzea (beste pixka bat); eta zer? Gehienik aldatu dena ni naizela uste dut: zahartu bai, etsitu ere bai batzuetan, lotsatu ez aski horretan uzteko; hazi bai, ez kanpotik, baina barnetik espero. Eta batzuetan keinu ttipiek erraten digute ez garela (denetan) oker ibili: urtero petoak konpontzen ditugu, urtero berriak asmatzen tronpatzen, hobeki tronpatzen... Ez al da hau bizitza funtsean?

Eta aurrera begira?

2023. urtean, apirilaren 7tik 9ra izango da. Aste Santua batzuentzat, Xingar Santu feria iparraldekoentzat, eta Xiru zokokan laketzen direnentzat. Datorren urtekoa hogeita hamahirugarrena izanen da. Irabarneko ezkilak anjelusa jotzen du egunero, 33 danga hedatuz. Badakit norbait hil omen zela adin horretan, asmoa da bizitzea. Errealitateak ez du egunero euskaraz hitz egiten zoritxarrez. Baina iduri zait gure euskal uharteak sortzen eta mantentzen ditugula, ez baita hau aski (agian ez gaizki). Josean Artze lagunari aipatzen nion ene etsipen baikorra, harekin Harria eta herria sortu genuelarik, Iñaki Perurena bidelagun; eta usurbildarrak orduan erantzun: "baina Mixel, partida galdurik ere, ez al du merezi jokatzea?"