Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Elkarlanean Euskaltzaindiarekin

2022/10/25
Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dugu. Euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako egitasmoak bultzatuko ditugu elkarrekin.

Ekainaren 22an aurkeztu zen Bilbon, Euskararen Akademiaren egoitzan, aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia. Ez zen ausazko aukera izan. Bertsolari Txapelketa Nagusien sorreran ezinbestekoa izan da Euskaltzaindiaren ekimena, ondoren, Bertsozale Elkarteak haren antolaketa hartu arte.

Zehazki, Euskalzaleak Bazkunak, Eusko Gaztedik eta Euskaltzaindiak antolatu zituzten lehenengo zortzi Bertsolari Txapelketa Nagusiak: gerra aurretik jokatu ziren lehen biak, 1935ean eta 1936an, eta  1958an, txapelketak antolatzeko ardura hartu zuen ostera ere Euskaltzaindiak. Hala, 1982. urtera arte, beste bost edizio antolatu zituen Euskararen Akademiak. 1986 urtean hartu zuen txapelketaren ardura Bertsolarien Lagunak Elkarteak, gaur egun, Bertsozale Elkartea denak.

Bereziki, aurten, bi erakundeen bideak berriro ere elkar gurutzatu dira, helburuetan bat etorrita. Pasa den apirilaren 1ean bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu genuen Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak.

Gaurko bertsogintzaren hizkuntzaren ikerketa

"Euskaltzaindiak pozik hartzen du elkarrekiko lankidetzaren eraberritze hau, eta etorkizunerako oinarriak ikusten ditu bertan", adierazi zuen Andres Urrutia Euskaltzainburuak hitzarmena sinatu zen egunean. Elkarrekin urtez urte euskaraz sortutako testu corpusa sendotzea eta bertsolariek kantuan darabilten hizkuntzaren azterketa linguistikoa gauzatzea dira elkarlanaren oinarriak.

Bestalde, Mintzola Fundazioak abian jarrita zituen proiektuei elkarrekin emango zaie segida: ahoz eta euskaraz egiten diren kultur diziplinak elkartzen dituzten Ahostegunak eta Ahots Baten egitasmoak, kasu. Euskaltzaindiak hartuko du bere gain Mintzola proiektu eraberritua; ikasturte honetan izango dugu haren nondik norakoen berri.

Euskaltzaindiak eta Bertsozale Elkarteak ikerketa deialdi berria egitea adostu dute. Gaur egungo bertsogintza hizkuntzalaritza ikuspegitik ikertzeko deialdia plazaratuko dute aurtengo udazkenean. Deialdiari buruzko xehetasun oro www.euskaltzaindia.eus eta www.bertsozale.eus en egongo dira ikusgai.