Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Amurrion hasiko da bigarren itzulia

2017/11/15
Igandean izango da saioa Bañueta kiroldegian, 17:00etan hasita. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala helmuga, BECerako azken urratsak egiten ari dira bertsolariak. Finalaurrekoetako lehen itzulia amaituta, 18 bertsolarik egin dute aurrera eta bigarren itzulian lehiatuko dira. Fase honek hiru saio izango ditu, eta lehena Amurrion izango da igande honetan bertan.

Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Sei bertsolari horiek oholtzaratuko dira Amurrioko Bañueta kiroldegian. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da saioa eta ateak 15:30ean irekiko dira. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai eta aurrez amaitu ezean, egunean bertan ere zabalduko da leihatila 15:00etan.

Eginbeharreko ariketak ere aldatu egingo zaizkie bertsolariei lehen itzulitik bigarrenera. Aintzane Irazusta gai-jartzailearen gidaritzapean, hauek izango dira parte-hartzaileek egin beharko dituzten lanak.

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Amurrioko Udalari eta Aiaraldeko bertso eskolari saioa prestatzeko orduan emandako laguntzagatik.

Azken saioen moduan, Bertsoa.eus atariak eta ETB4k zuzenean eskainiko dute saioa, eta beste hainbat hedabidetan ere jarraitu ahal izango da.

Bertso Udalekuen 20. urteurrena ospatuz

Urteurren biribila dute aurten Bertso Udalekuek eta egitasmoan hezitzaile -begirale, zuzendari zein sukaldari- gisa parte hartu duten lagunak mahaiaren bueltan bilduko dira saioaren aurretik elkarrekin bazkaltzeko, Amurrion bertan.

Amurrion oholtzaratuko den seikotea.