Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Maddi Ane Txoperenak irabazi du Xilaba Bertsolari Txapelketa

2026/01/31
Jai Alai bertsozalez eta euskaraz bete dugu gaur arratsaldean: 1.850 lagun elkartu dira bertan Xilaba Bertsolari Txapelketaren azken egunaz gozatzeko; Maddi Ane Txoperenak jantzi du aurtengo Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari txapelketako txapela, buruz burukoan Maddalen Arzallusekin aritu ondoren.

Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan giro zinez beroa egon da 2026eko Xilaba Bertsolari Txapelketako finalean. 1.850 bertsozaletik gora elkartu dira bertan, sei bertsolarien lanari adi. 16:00etan ateak ideki, eta kadirak betez joan dira bertsozaleak; 17:00etan igo dira oholtzara bertsolariak sintoniaren errimopean. Zozketak erabakitako ordenean aritu dira kantari bertsolariak: Aitor ServierElixabet Etxandi, Irantzu Idoate, Maddalen ArzallusMaddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe

Zortziko nagusian eta zortziko ttipian aritu dira lehendabizi, ofiziotan; puntu-erantzunetan jardun dira gero eta hamarreko ttipian aritu dira ondoren, berriz ere binaka, ofiziotan; azkenik, bakarka aritu dira, ganbarako lanean, gai bera emanda, neurri eta doinu librean: "Gaur lehen aldikotz, zure buruari aitortu diozu ez duzula arrazoin".

Lan horien ondotik, Maddi Ane Txoperenak eta Maddalen Arzallusek lortu dute puntu gehien eta eurek kantatu dute buruz-burukoan. Miren Artetxe buruz burukotik kanpo geratu da puntuazioz berdinduta. Azkenean, Maddi Ane Txoperenak jantzi du txapela 1132 punturekin. 

Zehazki, horrela gelditu da finaleko sailkapena (ariketaz ariketako puntuazioa, hemen): 

1. Maddi Ane Txoperena_____________1132
2. Maddalen Arzallus________________1106,5
3. Miren Artetxe_____________________684,5
4. Aitor Servier______________________682
5. Irantzu Idoate_____________________664
6. Elixabet Etxandi___________________606,5

Gai emaile lanetan Amaia Castorene eta Aritz Bidegain ibili dira. Zazpi epailez osatutako epaimahaia izan da bertsolarien lana epaitzeaz arduratu dena: Zuhaitz Olazabal, Maialen Berra, Eneko Bidegain, Iban Thicoipe, Abel Zabala, Ainhoa Sarasua eta Jon Garmendia "Txuriya". Idazkari lanetan Oihana Aranguren  arituko da. Xilaba bertsolari txapelketa amaitu bada ere, 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bost finalistek hartuko dute parte.

Maialen Hiribarrenen eskutik txapela, isileko lana eskertuz

Maialen Hiribarrenek jantzi dio txapela Maddi Ane Txoperenari, baita makila eman ere. Elkartea bera osatzen eta indartzen eginiko xinaurri lana eskertu nahi izan dio Xilaba Txapelketaren antolatzaile den Bertsularien Lagunak elkarteak. Hain zuzen, elkartean 15 urtez bolondres lanetan jardun du Hiribarrenek, gaur egungo ardatzei hauspoa ematen, batez ere transmisioari. 

Sari ematen aritu dira Pagoa Bidart bertso eskolen izenean, Iban Ithurbide txapelketa guzian zehar laguntza ekarri duten ikastola eta elkarteen izenean, Marikarmen Albizu Bertsularien Lagunak elkartearen izenean, Maddi Zubeldia kulturgintzaren izenean, Ihintz Oliden AEK-korrikaren izenean eta Ekaitz Elorriaga Bertsozale Elkartearen izenean.

Hitzetik Hortzera berezia, bihar

Jarraipen handia izan du gaurko finalak; hainbat dira saioa zuzenean eman duten hedabideak, eta beste hainbat horren berri emateko akreditatu direnak. Hitzetik Hortzera telebista programak, esaterako, Xilaba Bertsolari Txapelketako finalak emandako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu, bihar bertan, 15:00etan, ETB1n. 

www.bertsoa.eus atariak, bestalde, finaleko bertsoaldien bideo hautaketa jasoko du, eta txapeldunari eta beste finalisteei egindako elkarrizketak ere argitaratuko ditu.