Leitzako finalaurrekoa kiroldegian izango da
Aurrera doa Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Asteburu honetan izango da bigarren finalaurrekoa, Leitzan. Hasieran Herri Aretoan zen egitekoa saioa, baina sarrera eskariari erantzuteko asmoa, egoera aztertu eta kiroldegira leku aldatzea erabaki da.
Aforoa handitu da, beraz, eta saioa lagun gehiagok jarraitzeko aukera izango da. Txapelketara batu nahi izanez gero, eta bertatik bertara bizi, erosi sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian.
Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia, Kattin Madariaga Apaolaza, Mikel Lasarte Cia, Patxi Castillo Graciarena eta Sarai Robles Vitas ariko dira kantuan Leitzako finalaurrekoan, Iratxe Legarra Nuin gai-jartzaile dela.
Saioko irabazleak zuzenean eskuratuko du azaroaren 29an Iruñean jokatuko den finalerako txartela; gainontzekoek, finalaurreko guztiak bukatu arte itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. Momentuz, Eneko Lazkoz Martinez da sailkatu bakarra, pasa den larunbateko Agoizko saioa irabazi eta gero. Heldu den igandean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Tafallan, eta hor argituko da finalisten zerrenda.
