Larunbateko finalerako oharrak
Sarreren salmenta
Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai. Lehen aldia da finala Nafarroa Arenan egingo dela, eta asmoa Nafarroako bertsolaritza bizitzen ari den goraldiaren ispilu izatea da. Beraz, argazki eta arratsalde horren parte izatera animatzen zaituztegu!
Bertsosarrerak ataritik ez badira sarrera guztiak saltzen, egunean bertan 15:00etan txarteldegia zabalduko da Nafarroa Arenan bertan.
Finala jarraitzeko bideak
- Telebistan: Zuzenean, 16:45ean hasita, ETB1 katean. Ilaski Serrano ariko da aurkezle, eta Iñigo Olaetxea Alzugarai 'Makuko' izango da iruzkingile. Bestalde, biharamunean, azaroak 30, 15:00etan Hitzetik Hortzera berezia emitituko da.
- Interneten: www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan emango da saioa zuzenean, streamingez. Bertsoa.eus-ek, gainera, biharamunean jarriko du bere atarian finaleko bertsoaldien hautaketa. Gainera, txapeldunari eta gainerako finalistei egindako elkarrizketak ere jarriko ditu ikusgai.
- Irratiz: Uhinen bitartez ere lau haizetara zabalduko da biharko finala. Euskalerria irratiak Xorroxin irratiarekin elkarlanean emango du zuzenekoa, Bidane Beloki, Miren Mindegia, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo esatari direla. Naiz Irratiak ere zuzenean emango du finala, Nafarroa Arenatik bertatik, Alazne Untxalo, Andoni Rekondo eta Eli Pagolaren eskutik. Euskadi Irratiak, bestalde, hainbat konexio egingo ditu arratsaldean zehar, Eneritz Gorrotxategi, Igotz Alkorta eta Mikel Fonsecaren bitartez.
Bestalde, hainbat dira finala aretotik bertatik jarraitzeko akreditatu diren hedabideak, beren paperezko ale, webgune eta sare sozialetan txapelketaren berri emango dutenak.
Haur txokoa
Saioa jokatzen ari diren bitartean, haur txokoa egongo da Nafarroa Arenan. Bertso saioak irauten duen artean egongo da gunea zabalik. Ez da hezitzailerik izango eta umeek beraiekin datozen helduekin egon beharko dute bertan. Beraz, aukera izango da lasai egoteko espazio bat izan eta nahi denean aretora sartzeko.
Aldez aurretik bertan egoteko asmoa izanez gero idatzi nafarroa@bertsozale.eus helbidera. Bestela, egunean bertan leihatilan galdetuta izango duzue informazio gehiago.
Puntu morea
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean ez da inolako erasorik onartuko. Puntu morea egongo da, eraso matxistarik jasan edo ikusiz gero, hara joan ahal izateko. Erasoen berri emateko email honetara ere idatzi dezakezue: lantaldefeminista@bertsozale.eus
Nafarroa Arenara nola heldu
Aparleku askoko eremua izanagatik, garraio publikoan etortzea gomendatzen da: trenez edo autobusez Iruñera etorrita; eta, Iruñean bertan, 1, 6, 9, 11 eta 16 autobus lineak erabilita.
Kontuan izan Villabesako gidariak greban izango direla. Beraz, zerbitzua ez da izango ohiko maiztasunarekin.
Ateen irekiera
Nafarroa Arenako ateak 15:30ean zabalduko dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko gomendioa egin nahi die bertsozaleei, jende asko bilduko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.
Irisgarritasun beharrak
Gurpildun aulkian datozen bertsozaleek zein irisgarritasun beharrak dituztenek, harmailetako ateetatik izango dute sarrera. Pistakoak eskailerak baititu.
Indukzio bukle bidezko gorren soinu sistema erabiltzeko aukera izango da. Aurretik abisatzeko nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatz daiteke.
Bestelako oharrak
- Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
- Areto barruan ezin da ez jan ez edan, beraz, ezin da areto barrura ezer sartu. Dena den, taberna zerbitzua izango da.
- Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emandako oharrei kasu egin.
- Nafarroa Arena barruan ezin da erre, ohiko sarrerez gain bi terraza izango dira horretarako.
- Bertsolariek mugimendu guztiak nabaritzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.
