Julio Sotok irabazi du Mutiloako saioa, eta finalaurrekoetara sailkatu da
Mutiloan jokatu da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren saioa, herri horretako Kultur Etxean. 160 bertsozale inguru elkartu dira bertan, saioa zuzenean jarraitzeko. Sei bertsolari aritu dira kantuan, zozketak ebatzitako ordenean: Jabi Lezaun Landa, Idoia Granizo Uribarria, Sarai Robles Vitas, Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Julio Soto Ezkurdia. Gai-jartzaile lanak, aldiz, Iratxe Legarrak egin ditu. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Arangurengo Udalarekin elkarlanean antolatu du saioa.
Behin ariketa puntuagarriak eginda, Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (353), eta ondorioz, saioa irabazi eta azaroaren 8an Leitzan jokatuko den bigarren finalaurrekorako sailkapen zuzena lortu du. Haren atzetik sailkatu dira Sarai Robles (338,5), Ekhiñe Zapiain (329,5), Jabi Lezaun (309), Idoia Granizo (291) eta Beñat Astiz (285,5).
Honela geratu da saioko sailkapena:
1. Julio Soto Ezkurdia: 353
2. Sarai Robles Vitas: 338,5
3. Ekhiñe Zapiain Arlegi: 329,5
4. Jabi Lezaun Landa: 309
5. Idoia Granizo Uribarria: 291
6. Beñat Astiz Isasi: 285,5
Datorren larunbatean segituko du txapelketak, Iruritan jokatuko den saioarekin. Gizarte Bilgunean izango da saioa, 17:00etan. Han ariko dira kantuan Amaia Elizagoien Varela, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Alzuri, Julen Zelaieta Iriarte, Patxi Castillo Graciarena eta Xabat Illarregi Marzol, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen aginduetara.