Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Igandean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Tafallan

2025/11/14
Bertan argituko da Iruñeko finalean ariko diren zortzi bertsolarien behin-betiko zerrenda. Herriko Kulturgunean izango da Tafallako saioa, igande honetan, azaroak 16, 17:30etatik aurrera. Sei bertsolari ariko dira kantari: Amaia Elizagoien, Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi eta Xabi Maia. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, aurretik Eneko Lazkozek eta Julio Sotok egin bezala. Puntuazioak erabakiko ditu beste bost finalistak.

Hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da igandean, txapelketako finalisten behin-betiko zerrenda argituko duena. Tafallan izango da saio hori, heldu den igandean, azaroak 16. Herriko Kulturgunean jokatuko da, 17:30etatik aurrera. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, saioaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, aretoko txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira.

Sei bertsolari ariko dira Tafallako oholtzan, Zigor Gartzia 'Zian' gai-jartzailearen aginduetara: Amaia Elizagoien, Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi eta Xabi Maia. Saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 29ko Iruñeko finaleraAgoizko saioan irabazitako Eneko Lazkozek eta Leitzako saioan irabazitako Julio Sotok dagoeneko egin bezala. Hiru finalaurrekoetako hiru irabazleekin batera, puntuazioaren araberako hurrengo bostek osatuko dute finalisten zerrenda. Hain zuzen ere, igandean bertan, Tafallako saioa bukatutakoan, argituko da zerrenda hori. Une honetan, hau da finalaurreko faseko sailkapena.