Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Eneko Lazkozek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen faseko lehen saioa, Auritzen

2025/10/04
Azaroaren 1ean Agoitzen jokatuko den finalaurrekorako txartel zuzena eskuratu du Etxarri Aranatzeko bertsolariak. 120 bat bertsozale bildu dira Aurizko Kultur Etxean, txapelketako lehen saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Auritzen jokatu da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen saioa, herri horretako Kultur Etxean. 120 bat bertsozale elkartu dira bertan, saioa zuzenean jarraitzeko. Sei bertsolari aritu dira kantuan: Gai-jartzaile lanak, aldiz, Patxi Buenok egin ditu. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Aurizko Udalaren laguntza izan du saioa antolatzeko.

Saio puntuagarriaren ostean, Eneko Lazkozek lortu du puntu gehien (357,5), eta hortaz, azaroaren 1ean Agoitzen jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Saats Karasatorre (328,5), Eki Mateorena (301,5), Egoitz Gorosterrazu (293,5), Urko Gartzia (287), eta Aitor Irastortza (283).

Honela geratu da saioko puntuazioa:

  • Eneko Lazkoz Martinez: 357,5
  • Saats Karatsatorre Martinez: 328,5
  • Eki Mateorena Zozaia: 301,5
  • Egoitz Gorosterrazu Elizagoien: 293,5
  • Urko Gartzia Aleman: 287
  • Aitor Irastortza Arrizurieta: 283

Hurrengo larunbatean segituko du txapelketak, Mutiloan jokatuko den saioarekin. Herri horretako Kultur Etxean izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Idoia Granizo Uribarrena, Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia eta Sarai Robles Vitas, Iratxe Legarra Nuin gai-jartzailearen aginduetra. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Eneko Lazkoz, gaurko saioko irabazlea, oholtza gainean kantuan.