Agoitzen jokatuko da txapelketako lehen finalaurrekoa
Urriaren 4an abiatu zen 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Auritzen, eta Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen ere geldialdia egin ostean, iritsi da dagoeneko finalaurrekoen fasera. Larunbat honetan, azaroak 1, jokatuko da hain zuzen ere fase horretako lehen saioa, Agoizko Kultur Etxean, arratsaldeko 17:30ean hasita. Sei bertsolari ariko dira oholtzan gainean kantari: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Endika Legarra Nuin, Eneko Lazkoz Martinez, Julen Zelaieta Iriarte eta Saioa Alkaiza Guallar. Zigor Gartzia "Zian" izango da gai-jartzaile, eta epaile lanetan Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena ariko dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian (eta egunean bertan, bukatu ez balira, 16:30etatik aurrera).
Finala izango dute jomugan bertsolariek: saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da azaroaren 29ko Iruñeko finalera; besteek, aldiz, finalaurrekoen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatu diren ala ez jakiteko. Agoitzekoarekin batera, beste bi finalaurreko izango dira: azaroaren 8an Leitzan, eta 16an Tafallan. Fasean ariko diren 18 bertsolarietatik zortzik eskuratuko dute finalerako txartela.
