Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Jarraitu txapelketa: gure ekoizpenak

Bertsozale Elkarteak EITBrekin elkarlanean gauzatzen duen Hitzetik Hortzera saioan jarrai daiteke txapelketa, baita zuzeneko emankizunetan ere finalaurrekoetatik aurrera. Eta, noski, Bertsoa.eus atariak ere berehalako informazioa eskainiko du.

Hitzetik Hortzera

Txapelketa Nagusiak bete-betean eragingo dio Hitzetik Hortzera saioari. Hala, denboraldiak bi sasoi izango ditu: irailaren 18tik abenduaren 11rainokoa lehena, txapelketari lotutakoa, eta urtarrilaren 15etik apirilaren 9ra artekoa bigarrena, txapelketa amaituta, bertsolaritzaren prisma zabalago bat eskainiko duena.

Azken lau denboraldietan bezala, Eider Perez aurkezlea izango du ikus-entzuleak bidelagun. Aitzitik, Gaizka Azkaratek zuzentzen duen programak gidoilari berria izango du: aurrerantzean, Mirari Martiarenak izango du ardura hori.

Programa igandean eskainiko da, 15:00etan. Bertsoaldiek hartuko dute programaren zatirik handiena, txapelketako saioek: larunbateko saioan ondutako bertsoaldiez gozatzeko aukera izango da hurrengo egunean bertan. Gainera, atal berriak izango ditu txapelketari begirako saioak: txapelketako saioetako irudi esanguratsuekin osaturiko bideo laburpena, Idoia Torregarai umoregilea protagonista izango duen eta umorea eta iritzia batuko dituen Komunean atala, txapelketari buruz txapelketatik kanpo dauden bertsolarien iritziak, bertsoaldi historikoak, eta astez aste txapelketako saioetako irabazleen adierazpenak.

EITBk eta Bertsozale Elkarteak ekoizten dugu elkarlanean programa.

Hitzetik Hortzera

 

Zuzenekoak

EITBk eta Bertsozale Elkarteak duten elkarlana Hitzetik Hortzera programatik harago doa, eta bien artean eskainiko dira txapelketako zuzeneko emankizunak. Finalaurrekoetatik aurrera izango da hori, ETB4n eta www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan.

 

Bertsoa.eus

Txapelketa osoan zehar, bertsoaldiak, kronikak, protagonisten hitzak... 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren berri zuzena eta berehalakoa jasoko duzu Bertsoa.eus atarian.